[IRITZIA] Nora zoaz Laudio?

Laudioren ikuspegi panoramiko bat. / Aiaraldea.org

Nora zoaz, Laudio? Zer egin dizugu?

Bizitza honetan tontakeria asko egin ditut eta hau izango da handienetarikoa: Laudioren etorkizunaren inguruan hausnartzea udal hauteskundeetarako bi hilabete falta direnean. Inork ez du idatziko dudana irakurriko, bigarren irakurketak eta gauza arraroak bilatzen egongo delako soilik, lerro hauek halakorik ez duten arren.

Laudioko LIDLen itxieraren konfirmazioaren eta horren ostean hasi berri den bataila politikoaren  ostean idazten ditut lerro hauek. Duela bi urte egin zen publiko LIDLek banaketa biltegi handiago bat irekiko zuela Gasteiztik gertu. Ez zen beharrezkoa enpresa kudeaketako guru handi bat izatea irekiera horrek Laudioko biltegiaren itxiera ekarriko zuela aurreikusteko, eta horren aurrean INORK ez du ezer egin iragan ostiralean denak eskuak burura eraman zituzten arte. Non egon dira sindikatuak, langileak, alderdi politikoak, instituzioak eta abar? Zer gertatzen da herri honetan? Zer ari zaigu gertatzen?

Lotsa ematen du herri honetako ia-ia alor guztietan ematen ari den konformismoa eta dekadentzia ikusteak. Non dago 80-90. hamarkadetako Laudio, uholde basati eta birmoldaketa industrial are basatiago baten ostean altxatu zena? Non dago elkarte-ehun bizi bat zuen Laudio? Non dago Laudio hori zeinetan, ezbeharrak ezbehar, behin eta berriz zutik jartzen ginen?

Herri honek hausnartu behar du nola dagoen eta nora goazen, zer egin nahi dugun. Eta uste dut hausnarketa hori danon artekoa izan behar duela, herri honetan horrenbeste min eragiten ari digun borroka politikotik urrunduta. Oso argi dut bide horretan eta lehen pauso gisa duela sei urte eginiko 2015-2025 Plan Estrategikoko ondorioak berrartu behar ditugula eta proiektu horrekin jarraitu behar dugula.

Iritsi da aski dela esan eta berriz zutik jartzeko unea. Uste dut pertsona bakoitzak zeregin garrantzitsu bat dugula egiteko, gauden tokian gaudela: Kultur edo kirol elkarteetan, talde sozialetan, alderdi politikoetan... ez dut uste bideragarria denik korrontearen norabidea jarraitzea, azken hamarkadetan egin dugun bezala.

Baliteke ameslaria izatea baina uste dut herri hau osatzen dugun pertsona guztion artean gai izan gaitezkeela egoerari honi buelta emateko eta maiatzaren 26tik aurrera eseri eta lasai hitz egiteko, hurrengo hilabeteetan ezinezkoa izango delako.

Gora Laudio!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide