Begibistakoa da nazioarte mailako egoera samingarria, ereduak ondo baino hobeto ezagutzen ditugu. Kurdistango Afrinek izan du pisu eta eraginik handiena gure atentzioarengan azkenaldi honetan, han eta zonaldean bizitza eman duten internazionalisten eredurik ere badago, Siriako egoera tartean; Palestinan ere kinka larrian bizi dute egunerokotasuna, azken hirurogeita hamar urteetan burututakoen ekintzen ondorioz Jerusalem Israelgo hiriburu izendatu izanak AEBen babesa eta Europar Batasunaren konplizitatea honetan ere nabariak dira.
Euskal Herritik gertuago, Herrialde Katalanek jasotzen ari diren erasoaldiak ditugu, Europa osoan eskuin politikoaren gorakadaren adierazgarri, hemen ere lana egiteke badago. Abya Yalan ordea, bestelako ezaugarriak hartzen ditu oinarrian printzipio berdintsuak dituzten gatazkek, Venezuelan, Mexikon, Argentinan zein Bolivian, presiopean bizi direnak maila xumeko kideak dira, langileak, indigenak, emakumeak, historiaren aberastasunaren sortzaileak, eta baita honek ekarritako zapalkuntzaren ondorioak pairatzen dituztenak ere.
Gaur ere, atzo bezala, beharrezkoa da Euskal Herria eta herri desberdinen arteko zubiak sortu eta mantentzea, elkartasuna zaindu eta elkarrengandik borroka esperientzien bidez erdietsitako irakaspenak partekatzea. Horretarako euskal langileriaren beharra du Askapenak, brigadak zein internazionalismoa indarraz eta itxaropenaz betetzeko. Hiru eremu geografiko nagusitan banatuta daude aurtengo helmugak: Europa, ezkerreko mugimenduak eta nazio zapalduen borrokak ezagutzeko helburuarekin; Ekialde Hurbila, inperialismoaren aurkako herri erresistentzia eta askapen borrokak ardatz; Abya Yala/Latinoamerika, herri langilearen boterea eta burujabetza oinarri, inperialismoaren aurkako prozesu iraultzaileak xede. Hartu-emana den heinean, Euskal Herriko langileriarekiko elkartasuna piztea ere daukagu eginkizun, beraz, internazionalista, feminista, borrokalari, solidario, apirilaren 8arte daukazu 2018ko Askapenaren brigadetan izena emateko.
Gora Euskal Herria Internazionalista!