IRITZIA

Baltzolako kobazuloa ireki orain!

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Crespo 2022ko mar. 15a, 07:02

Yuji Hirayama eskalatzailea koban. / Unai Telleria, Flickr

Euskadiko toki oso interesgarri bat itxi egin behar izan zen, jende andana Q sukarrarekin gaixotu ostean, oxiella burnetii bakterioak eragindakoa. Baliteke gaitza ahuntz batzuek eroan izana. Hainbeste kasu kobazulotik antzeman zutenez, Jaurlaritzako Osasun Sailak eskatuta, Bizkaiko Foru Aldundiak koba ixtea erabaki zuen. 

“Q sukarra agertu zelako itxi zuen Bizkaiko Foru Aldundiak Baltzolako kobazuloa, Eusko Jaurlaritzak eskatuta”

Lehenengo gaixoa 2021eko urtarrilean agertu zen, ondorioz, kobazuloa maiatzean hesitu zuten gaur egun arte. Kobazuloa garbitu eta desinfektatu ostean, analisi eta txosten bakarraren berri izan genuen 2022ko martxoaren hasieran; gainera, txostenaren frogak azaroan egin omen zituzten.

Horregatik, eskalatzaileok jarraipena sutsuagoa izatea aldarrikatzen dugu, lan eskasa egin dutelakoan baikaude.

Dimako Baltzolako kobazuloa ezin interesgarriagoa izan da betidanik. Kultura aldetik, han istorio zirraragarriak gertatu omen ziren. Kondairek azaltzen zutenez, han Jentilak bizi ziren. Astebururo hortik ehunka eta ehunka lagun ibiltzen ziren hango kobak ezagutzen. 

“Aiaraldeatik gertu dagoenez, Baltzola beti izan da leku aproposena eskalatzeko guretzat”

Askotan ikusi ditugu eskolako txangoak, umetxoak kobaz eta kondairaz gozatzen. Horrez gain, zer esanik ez dago, eskalatzaileentzat toki aproposena zen gure zaletasunaz gozatzeko, eta egunero ikus genezakeen lagun talde bat eskalatzen. Gainera, Aiaraldetik nahiko gertu dagoenez, beti izan da leku aproposena eskalatzeko guretzat, Euskal Herrian egun asko euritsuak baitira. Mundu mailan ere izugarrizko garrantzia izan zuen, han bertan 2007. urtean nazioarteko eskalada txapelketa egin baitzen, eta 2004an Yuji Hirayama eskalatzaile famatuak lehen aldiz 8c bistaz kateatu zuen

Hain ezaguna denez, urtean zehar munduko eskalatzaile onenak hurbiltzen ziren hona eskalatzera, horrek dakarren guztiarekin, nazioarteko ospea, bisita eta turismoari esker herria aberastea… Hori bai, hori gerta dadin eskalatzaile batzuk musu-truk garbitu, ekipatu eta zaintzen zuten kobazuloa.

Q sukarraren agerpena

2021eko urtarrilean agertu zen Q sukarreko lehengo kasua, Iker Mediavillarena, hain zuzen ere. Mediavillak eskalatzaileak berak azaldu zuenez, “kobazuloan ahuntz feturen hilotza agertu zen eta nire txakurrak hartu zuen”. Hau ikusita, gazteak txakurrari hilotza kendu zion, eta berriz hartuko ez zuen lekura bota zuen.

Geroago hainbat eskalatzaile ere kutsatu ginen. Hasieran Osakidetzatik eskatu zen gertakizuna ez zabaltzea, beldurra ez sortzeko herritarren artean. Sarri joaten ginen eskalatzaileen Whatsapp talde baten bidez gure kutsatuen berria zabaltzen. Hau jakinda, eskalatzaileok joateari utzi genion tarte batean baina neurririk hartzen ez zutela ikusita, itzuli egin ginen eskalatzera.

“Osakidetzak eskatu zigun Q sukarraren berri ez ematea beldurra ez sortzeko”

Aste Santuan, jende mordo ibili zen kobazuloan, eta pilo bat kutsatu ziren. Azken txostenaren arabera, baliteke hautsak mugitu eta aireratu zirenez, aerosol kutsakorrak sortzea. Hainbeste kutsatu zirela ohartuta, Jaurlaritzako Osasun Sailak eskatuta, Bizkaiko Foru Aldundiak koba ixtea erabaki zuen.

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak azaldu zuenez, hesi elektrikoa ipini zuten. Koba garbitu eta desinfektatu zuten ondoren. Diputazioak aipatuzuenez, haitzuloa babesleku modura erabiltzen zuten zazpi ahuntz talde identifikatu zituzten. Talde bakoitzean inkesta epidemiologikoa eta bi analisi serologiko egin zituzten, 21 eguneko tartean. Gaitzak jotakoak zeintzuk diren topatu arte ahuntzak konfinatzeko agindu zieten jabeei.

Osasun Sailaren txostena

Orain dela egun batzuk, Osasun Sailak Euskadi.eus webgunean aipatu zuenez,  “Gaur egun Q Sukarra diagnostikatutako 108 pertsona ezagutzen dira kobazuloetako sarrerarekin lotuta. Haitzuloan jasotako eta Neikerrek aztertutako ingurumen-laginen emaitza analitikoek erakusten dute oraindik ere Coxiella bideragarria dagoela, eta, beraz, arriskuak bere horretan dirau garbiketa- eta kontrol-lanen egin ondoren ere. Bizkaiko Foru Aldundiak, kobazuloak garbitu eta desinfektatzeaz gain, esku hartzeko programa bat jarri du abian inguruko artaldeetan. 2021ean hasi zen, eta animalien kontrol klinikoa eta txertaketa barne hartzen ditu. Programa horrek gutxienez bost urteko iraupena izango du, eta epe hori beharrezkoa izango da eraginkorra izateko. Ahuntz-azienda basatia kontrolatzeko esku-hartzeak ere egin dira. Arriskua murrizten ez den bitartean, ezarritako prebentzio-neurriak mantenduko dira, kobazuloak jendearentzat ixtea barne.”

“Eremu horretan egin daitezkeen esku-hartze guztiak aztertzen ari dira, eraginkorrak izan daitezkeenak eta, aldi berean, babestutako espezieen ekosistema aldatzen ez dutenak. Literatura zientifikoan ez dago Coxiellaren presentzia hainbeste denboran aktibo mantentzen den antzeko egoerarik. Probek pentsarazten dute kobaren ingurumen-ezaugarriak egokiak direla hura mantentzeko".

“Kobaren ingurumen-laginak aldizka aztertzen dira. Analisi horiek Coxiellaren bideragarritasun-probak barne hartzen dituzte, eta denbora luzea behar dute emaitzak lortzeko. Emaitza analitikoen hurrengo txanda 2022ko uda hasieran interpretatzeko moduan egotea aurreikusten da. Lortzen diren emaitzen arabera, ezarritako kontrol-neurriak aldatu ahal izango dira".

Aiaraldeko eta zonaldeko eskalatzaileontzat kobazuloa itxita egotea zoramen bat izaten ari da, zeren eta beste toki urrunagoetara joan behar izaten baikara. Gainera, batzuek eskaladan gure bizitzako proiektuak dauzkagu haitzulo horretan, eta bertan behera utzi behar izan ditugu.

Eskalada mundu mailan ere itxita dagoela zabaldu egin da, eta etorri ahal izango direnek bertan behera utzi behar izan dituzte haien bidaiak. Horrez gain, Baltzolan eskolek urtean zehar egiten dituzten txangoak zein familiek, lagunek eta mendizaleek astebururo egiten dituzten ibilaldiak ere bertan behera geratu behar izan dira, eta, tamalez, horrek eragina zuzena du zonaldeko ekonomian, txikia bada ere. 

Aiaraldeko eskalatzaileok eta Baltzolako eskalatzaileek batera salatu nahi dugu kobazuloan gertatzen ari dena edo, hobeto esanda, gertatzen ari ez dena. Eskalatzaile batzuk kasu hau eramaten duen Neikerren arduradunarekin jarri ziren harremanetan, eta, Ana arduradunak azaldu zigunez, azaroan egin zituzten azken frogak. 

“Gure iritziz interes gutxi eta lan eskasa egiten ari da Baltzolako arazoa konpontzeko”

Beste eskalatzaile batek jakinarazi zigunez, Eva gaixotasun infekziosoen arduraduna berarekin jarri zen harremanetan eta txostena azaleratu zion, frogak egin eta lau hilabete ondoren, martxoaren hasieran, gure ustez nahiko berandu. Horrez gain, beste eskalatzaile batzuk  komentatu zuten ahuntzak hesitutako barrualdean zeudela, eta, horrela, zailago izango dugu bakterioa desagertzea.

Beraz, gure iritziz, interes gutxi egon eta lan eskasa egiten ari da arazo hau konpontzeko. 
Arazo hau bera bakarrik ez dela konponduko dakigunez, Osasun Sailburuari garbiketa gehiago zein kutsakortasun test gehiago egitea eskatzen diogu, aldi berean, egin behar duten guztia lehenbailehen egitea, ahalik eta azkarren irekitzeko Baltzolako kobazuloa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide