Bere zarpa odoltsuen menpe nagusitzen zaigun sistema kapitalista neoliberal hau, orain, "kapitalismo popularra" dela ulertarazi nahi digute, langileriaren ongizatea eta erosotasuna nahi duen sistema dela, arazorik gabe eta lasai bizi gaitezen. Behe klasekoak gara, baina ez ergelak!
Lan-hitzarmenaren negoziazioetan aspaldi sartzen dugu, edo saiatzen gara: “enplegua bermatzea”. Horra heltzeko eginahalak eta ezinahalak egin behar dira, azkenean ezerezean geratzen direnak. Berriz ere engainatu gaituzte delinkuente hauek!
Teknikoki ez dago kaleratzerik, baina enpresetako plantillen erroldek behera egiten dute. Nola? Errelebo kontratuak bata bestearen atzetik lotzen dituzten langileak, desgaitasunak, heriotzak, irteera ez-traumatikoak (Vidralaren kasuan bezala, 80 langile inguru), eta abar. Honek badu izena: enplegua suntsitzea!
“Absentismoa”, hori bai buruko mina delinkuente hauentzat. Enpresa guztietako bilera guztietan agertzen den hitza da. Haien tresna mediatikoak ere erabiltzen dituzte albisteak “absentismoz” josteko. Zer da absentismoa? Langilea lanpostutik kanpo dagoen denbora? Gaixorik badago, normala da bertan ez egotea, lizentzia bat hartu badu, normala da bertan ez egotea. Zein da delinkuente hauen arazoa? Eskubide bat da hori, ez absentismoa! Ez gaitzatela eztabaida faltsuetan nahastu, lan eskubideak are gehiago murrizteko absentismoaren izenean beste tresna batzuk erabiltzea justifikatu besterik ez dute nahi.
Euskal Herrian, aurten, 19 langile hil dira jada lan istripuetan, kontuan hartu gabe gaixotasun profesionaletatik eratorriak zirela frogatu ezinik hil direnak. Hau da hau zuen absentismo ustela, lotsagabe halakoak!
Hara! Kapitalismo neoliberalak popular itxurak egin nahi ditu! Egia esan, aitortu nahi ez dudan arren, badaude ideia hori irentsi eta sinesten duten langileak.
Lip itxi zuten, Tubacex suntsitzen saiatu ziren, Glavista itxi zuten, Guardian itxi zuten, eta nahi duten guztia egingo dute, inolako ikara ezta zalantzarik gabe, langileen kontura poltsikoak betetzen jarraitzeko.
Kapitalismoak badaki bere burua makillatzen, eta senide baten, konfiantzako pertsona baten antza hartzen. Multinazional handietan ohikoa izaten da “Egun Osasuntsua”. Egun horretan fruta ekartzen dute langile guztiontzako. Begira ze jatorrak diren, gugatik kezkatzen dira! Ikastaroak ere ematen dituzte lanean minik ez hartzeko gorputza nola luzatu behar dugun ikasteko, eta abar.
Dena da itxurakeria! Izan ere, ez dira inondik inora langileengatik kezkatzen, arduratzen dituen bakarra, eta beti gailentzen dena, zera da: produktibitatea. Covidaren garaian enpresekin gertatu zena baino ez da oroitu behar, ez zen langileen segurtasuna bermatzen!
Orain, gainera, lan hitzarmenaren negoziazioak “haien inbertsioen” arabera baldintzatu nahi dizkigute. Inbertitzen dutenez, hitzarmen penagarriak sinatu behar ditugu, eta hala ez badugu egiten, enpresaren etorkizuna zalantzan egongo omen da. Mafioso xantaiazaleak!
Niri zer ostia kontatzen didazue? Sofa bat edo zakila luzatzeko gailu bat erosi nahi baduzue, Monopolira jokatzen duzuenok zuek zarete, ez gu.
Tira, enpatikoa izango naiz, eta saiatuko naiz inbertsio horien garrantzia ulertzen, horretarako lan hitzarmen kaskar bat sinatuko dut. Gu, langileok, noiz hasiko ginateke berreskuratzen, hemendik eta bi, lau urtetara? Ez, erantzuna da: inoiz ez! Haien diru-gosea ez da inoiz asetzen. Inbertitu nahi badute, egin dezatela, baina guk ez ditugu kalteak ordainduko.
Hori gertatu da Vidralan sinatutako hitzarmenarekin, horregatik ez darama LABen zigilurik.
Amaitzeko, ezin dugu ahaztu kapitalismoa dela herrialdeak eta gizakion bizitzak egoera deitoragarrietara eramatearen erantzulea, bai eta Ekialde Hurbileko gerren erantzulea.
Che Guevarak ohartarazi gintuen, 1964an NBEn emandako diskurtsoan, “Kapitalismoa da munduko genozidarik errespetatuena” zioen esaldiarekin. Bakoitzak ahal duen heinean delinkuente hauei aurre egitera gonbidatzen zaituztet.
Osasuna eta askatasuna.