Beti transmititu izan diet nire seme-alabei txikiak zirenean ez zutela inor jo behar baina euren burua defendatu beti.
Orain badirudi norberak ez duela, sikiera, bere burua defendatzeko eskubiderik ere ez, are gutxiago langile klasearen kasuan.
Gezurretan ari zarete herritar onak eta errespetuzkoak izan behar dugula irakasten saiatzen zaretenean: biolentziarik erabili behar ez dugula, modu baketsuan manifestatu behar garela, protesta erraminta ez-bortitzak erabili behar ditugula, gauzak judizialki salatu behar ditugula horretarako daude eta “herriaren aparatu demokratikoak”…
Teoria ziztrin horren gaineko zer iritzi daukate Maderas de Llodioko langileek? Tubos Reunidoseko langileek? Guardian, Galivista, Lip eta beste hainbeste enpresetako langileek?
Ebidentzian geratzen ari dira enpresari delinkuente horien guztien gezurrak. Fabriken bideragarritasun faltaz mintzatzen dira. Enplegua Aldi baterako Erregulatzeko Espedienteak haien etekin propioetarako erabiltzen ari dira; diru publikoa lapurtuz erabilera egoki bat egin beharrean.
“Makarrada” hauek guztiak salatzera ateratzen diren Aiaraldeko langileek, badakite egia guztia: honen atzean erakunde publikoak, politikari koldarrak, epaileak eta poliziak daude; diru gehiago irabaztea beste helbururik ez duen enpresarioaren gosea defendatzen dutenak.
Zertarako balio dute protestek edo salaketa baketsuek ez badute inolako ibilbide instituzional edo legalik? Zertarako balio dute langilea guztiz babesgabe uzten badute? Hausnarketa bakarra daukat: protestarako bestelako bide ez baketsuak bilatzera behartuak gaude.
Gu langileok ez gara gaizkileak. Zuek bai. Maderas eta Tubos Reunidoseko zuzendaritzak, zuek zarete biolentoak eta terroristak.
Eta terrorista diodanean agian motz geratzen naiz terminoarekin. Ehunka dira haien etorkizuna ezaguzten ez duten familiak. Lo egin ezin dutenak. Zenbakiak egiten ari direnak, jateko e ota fakturak ordaintzeko aukera izango ez ote duten beldur. Seme-alabei gutxiengoa ere faltako ote zaienaren beldur. Zuek zarete terroristak. Langile klasea ez da biolentoa, proletargoa ez da biolentoa. Biolentzia patronalarena da, eta gu patronalarengandik defendatzen gara.
Garai batean, enpresariak bahitzen zirenean gizartearen zati batek xingola urdinak erakutsiz salatzen zuen. Gaur egun jakin nahiko nuke zenbat xingola egongo lirateke Aiaraldean; gutxi, bakar bat ere ez bada.
Eusko Jaurlaritza eta Arabako Diputazioa; noiz arte duzue langile klasea abandonatuta eta egoera guztien erantzule egoten jarraitzeko asmoa?
Joko-zelaia aldatzen ez dugun bitartean jai daukagu, eta ezer gutxirako balioko dute protesta eta salaketa baketsuek. Lan gatazkei konponbidea bilatzeko bide guztiak suntsitzen dituzue. Konponbide errealez ari naiz, ez kapritxo enpresarialak onartzeaz.
Langileok beti defendatuko hurrengo filosofia: "Milioika aldiz gehiago balio du gizaki bakar baten bizitza, lurreko gizakirik aberatsenaren propietate guztiak baino".
Aitor De La Torre, LABeko delegatua