Zaila da musika talde batentzat bere maisulana argitaratu ostean maila horri eustea. The Soulbreaker Company talde gasteiztarrak erronka horri aurre egin behar izan dio “Itaca” (2010) lan izugarriari jarraipena emateko. Hura haien hirugarren diskoa izan zen, zeinetan rock progresibo, psikodelia, space-rock eta 70ko hamarkadako rocka maisutasunez nahastu zituzten haien erroak galdu barik. “Itaca” oso arrakastatsua izan zen, baita Europan ere, publiko eta kritika aldetik; izan ere, Estatu mailan musika talderik onena direla uste dute askok. Bereziki, zuzenean ikusi dituztenek.
Aste honetan argitaratu dute gasteiztarrek “Itaca”ren jarraipena, “Graceless”, luzaroan itxarondako lana. Nire ustez, aurreko diskoa baino hobea ez bada, gutxienez maila berean daude. Xehetasun guztiak maila handikoak dira: oso azala dotorea, Liam Watsonen produkzioaren soinu garden eta orekatua eta, noski, konposizio bikainak. “Itaca”rekin aldenduta, disko berri honetan ez dago abesti luzerik, ezta saxoren arrastorik eta indarra pixka bat galdu dute. Orain teklatuak protagonismo handiagoa daukate eta hari-instrumentuak aurki ditzakegu abesti batzuetan. Baina melodiak, gitarrak eta Jonyren ahotsa, beti bezala, ezinhobeak dira.
Momentuz, oso harrera ona izan du “Graceless”ek eta laster hasiko dira eszenatokietan diskoa aurkezten. Ez utzi ikusteko aukera pasatzen, ez zara damutuko.