1926an, Aita Barandiaranek “Pueblos de Álava por vicarías” dokumentua aurkitu eta argitaratu zuen. Duela urte batzuk, Angel Ibisatek frogatu zuen dokumentua Lorenzo Prestamerok idatzi zuela 1803. urte inguruan.
Honetan, Zuia, Urduña, Aiara, Orozko eta Tudelako Bikariotzeetako herriak euskaldunak zirela esaten zen, zeinetan alferrik izango ziren “el idioma bascongado” ez zekiten apaizak. Artziniega eta inguruko herriak (Santa Koloma, Mendieta, Retes de Tudela, etc.) barne.
Ez dugu uste herri hauetan euskara ohiko hizkuntza izango zenik une hartan, nahiz eta euskaldun batzuk egotea posiblea den. Seguraski Prestamerok euskararen garrantzia puztu zuen bere argudioak indartzeko: hau da, erregetzak ezin zuela apaiz kanpotarrak izendatu, herriarekin loturak zituztenen ordez.
2008an Henrike Knorrek Prestamerok garai horretan idatzitako beste dokumentu bat argitaratu zuen, Wilhem Von Humboldt jakitunari zuzendutako gutuna, hain zuzen. Pentsatzekoa da oraingo honetan informazioa ez zela baldintzaturik egongo. Ez zegoen horretarako zergatia.
Dokumentu honetan herriak Koadriletan sailkatzen dira, ez Bikariotzetan. Aiarako Koadriletan “se habla bascuence y se hace mayor uso del romance”. Nola ulertu behar dugu esaldi hori? Euskara gaztelania baino gehiago mintzatzen zela? Gaztelaniaz lehen baino gehiago egiten zela? Arrastaria, Urkabustaiz, Zigoitia, Zuia, Ganboa, Iruña, Barrundia eta Asparrenaren kasuetan bakarrik esaten da: “bascuence y castellano”. Eta gauza bera gertatzen da Artziniegan.
Beraz, posiblea da Prestamerok lehenengo dokumentuan euskararen garrantzia puztu izana, baina bigarrenean argi geratzen da euskara euskalde osoan hitz egiten zela, Artziniegan ere bai. Urte horietan, Eugene Coquebert de Montbret frantsesak Artziniega, Urduña eta Aiara sartu zuen euskaldun lurraldean. Eta Manuel de Llano merkatari arabarrak 1807an Aiaran eta Artziniegan euskera eta gaztelania herri guztietan hitz egiten zela esan zuen.
Baina, aldi berean, gaztelaniaren presentzia ezin da ezkutatu. Eta leku askotan ez zen pasadizozko presentzia izaten, izan ere Aiara Herriko mendebaldean desagertzen ari zen, belaunaldi arteko transmisioa eten egin zelako. Baina kontuan hartu behar da hori ez dela bat-batean eta aho batez gertatzen, prozesua hasten denetik azken euskaldunak desagertzen direnerako hamarkada batzuk pasatzen ziren.