Euskara Aiarerrian XIX. mendeko hasieran (II)

Erabiltzailearen aurpegia Aketza Merino 2014ko aza. 30a, 22:37

Luiaondora joko dugu orain. 1734an bertakoa zen Francisco de Arana Andraca apaizak bere testamentuan eskatu zuen Luiaondora joan zitezen “tres sacerdotes Bascongados (…) que sepan la lengua Bascongada que es la Nativa en que mas fácilmente entenderán los Pobres los Misterios de la Fe, que en la Castellana, que los mas de Luiando y su comarca ignoran”. Luiaondoko biztanleak euskaldunak ziren eta gutxik zekiten gaztelaniaz mintzatzen. Eta gauza bera gertatuko zen inguruko herrietan.  Ez dugu uste Aranak “comarca” hitza guk ulertzen dugun moduan erabili zuenik, baizik eta era murriztuagoa, bakarrik ondoko herriei aipu eginez.

Baina mende bat geroago egoera aldatu egin dela ematen du. Luiaondoko apaizek Aiarako Bikarioari 1817. urte inguruan zuzendutako gutun batetik hartu dugu informazioa. 1806an, epai baten bidez, herrian bertan predikatzeko hizkuntza egokiena gaztelania zela agindu zen. Hala ere, urte batzuk geroago kanpotik etorritako erlijiosoek Luiaondon predikatzen jarraitzen zuten, eta herriko apaizek, Juan Pablo eta Canuto Olamendi anaiak hain zuzen, ez zuten egoera hori onartu nahi. Olamendi anaien ustez, euskeraz hitz egiten zutenak “unas pocas personas forasteras que tomaron estado en esta parroquia” bakarrik ziren. Gutxi batzuk esaten zuten gaztelania ulertzen ez zutela baina gehiago ziren euskara ez zekitenak eta, ondorioz, apaizek gaztelaniaz predikatzen zuten oztopo eta kexarik gabe.

 

Hau guztiz egia ez zela uste dugu. Ikusi dugunez, Olamendi anaiek ezin zuten herrian euskaldun elebakarrak zeudela ezkutatu. Seguraski gaztelania gero eta hedatuagoa zegoen, euskarak atzera egiten zuen bitartean. Baina, hainbesterako zen? Agian apaizek benetako egoera linguistikoa baino gehiago, haien desirak deskribatu zituzten, hau da, elizan bakarrik gaztelania erabali nahi zuten. Haiek urduñarrak ziren eta agian ez zekiten euskara. Dena den, euskaldun eta erdaldun elebakarrak bizi ziren herrian aldi berean, eta horri garrantzitsua deritzogu. Egoera hori uste izan dugu baino ohikoagoa izan behar zen, galtze prozesua hasi baino lehen ere.

 

1820 inguruan, fray Antonio de Añibarrok Bizkaitik at zeuden herri euskaldun gutxi batzuk aipatu zituen, Luiaondo barne. 1862an Bonapartek esan zuen guztiek gaztelaniaz hitz egiten zuten, batzuek euskara jakin arren. Duvoisinek idatzi zuenez, erdi-euskalduna zen. Ladislao de Velascok 1879an esan zuen Aiarako Udalan 500 euskaldunak zeudela, biztanleen 13,06%, agian neurriz gaineko zifra, erdi-euskaldun herri bakarra Luiaondo zela kontuan hartzen badugu, eta Zuhatzan bezalako herrietan euskaldun gutxi batzuk egongo lirateke.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide