Amurrion dagoen muino bati “El monte de los ahorcados” esaten diote bertokoek. Honen zergatia azaltzeko, orain arte kondairak baino ez ditugu entzun. Adibidez, gazte zenean urkaren arrastoren bat ikusi omen zuen adineko gizonak, eta antzeko kontakizunak.
Dakigunez, barruti-judizial baten buru izan zen Amurrio eta horregatik barruti honetan noizbait baten bati heriotz zigorra ezarriz gero, logikoena zen herri honetan zigorra betetzea. Zorionez, Amurrion izandako exekuzio batzuen berriak aurkitu ditugu antzinako egunkarietan eta orain zinez esan dezakegu herri honetan behin baino gehiago ezarri eta bete zela heriotz zigorra. Gainera, gure ustez “El monte de los ahorcados” toponimoaren jatorria aurkitu dugu.
1877ko urrian hiru gizon urkatuak izan ziren Amurrion eta gertaera, egunkarietan ikusi dugunez, oso ospetsua izen zen bere garaian eta zirrara ikaragarria eragin zuen herriko jende artean. Dirudienez, Amurrion izandako azken exekuzioa duela asko izan zen (bi mende lehenago, lekuko baten ustez) eta herrian meza batzuk egin ziren hiru errudunen alde otoitz egiteko.
Exekuzioan bertan eskualdeko apaiz asko egon ziren eta, zigorra bete baino lehenago, hor zegoen jendetzarekin batera otoitz egin zuten.
Baina, zer egin zuten hiru errudunek hain zigor gogorra pairatzeko? Hona hemen gertaera: 1871eko karlistadaren porrotaren ostean, ofizial karlista bat Soxora ailegatu zen eta, berandu zenez, etxe batean gaua pasatzea eskatu zuen, hurrengo egunean Balmasedaraino jarraitzeko.
Baina ofiziala ez zen inoiz Balmasedara heldu ezta bere 5 seme-alabak berriro ikusi. Etxeko jabeak, bi semeen eta auzoko baten laguntzarekin, ofiziala akabatu zuelako gauean, bide batean, zergatik eta bere dirua lapurtzeko.
Hiltzailea Losara joan zen eta hantxe harrapatu zuen Guardia Zibilak. Laurak Gasteizeko espetxean urte batzuk egon ziren eta azkenean, gerra bukatu ostean, 1876an, krimena aitortu zuten. Heriotz zigorra ezarri zieten gizonari, bere semeari eta auzokoari; seme gazteena libratu zen 13 urte zituelako.
Gertaera nahiko traumatikoa izan arren, urte batzuk geroago beste exekuzio bat egon zen Amurrion, 1884ko martxoaren 1ean, hain zuzen. Hildakoa Juan de Orue izan zen, artomañarra, zeinek 1882an bere bi anaiak aizkorakadaz akabatu zituen.
Jendetza handia bildu zen exekuzioa ikusteko, goiz-goizean, muino batean. Baina Orue ez zen urkatua izan, garrotez akabatu zuten. Gure ustez, hau izan zen Amurrion egindako azken exekuzioa (legala, bederen).
1877ko exekuzioen ezaugarriak kontuan harturik (alde batetik urkatuak izana eta beste aldetik herrian eragin zuen zirrara), pentsatzen dugu gertaera hori izan zen, hain zuzen ere, “El monte de los ahorcados” izena sortu zuena. Horrela, “urkatuak” hiru soxoarrak izango ziren.