Urduñako Bataila (1836)

Erabiltzailearen aurpegia Aketza Merino 2015ko abe. 3a, 14:50

 

Lehen Gerra Karlistan (1833 – 1839), Aiaraldean jazotako bataila nagusiak bi izan ziren, eta biak 1836ko martxoan gertatu ziren Urduña inguruan. Testu honetan lehenengo batailaz hitz egingo dugu, hain zuzen martxoaren 5ean izandakoaren inguruan.

Otsailaren 22an, 8 edo 10 batailoi karlista zeuden Urduñan geldirik, elurte izugarria erori zelako. Eta martxoaren lehenengo egunetan Urduña eta Laudio arteko gunean zabaldu ziren indar karlistak, eskualde osoa kontrolpean zeukatela. Bitartean, armada liberalaren burua, Baldomero Espartero jenerala, Berberanan zegoen Aiaraldea arakatzeko asmoarekin.

Horregatik, hilabeteko 5ean Berberanatik atera zen 13 batailoi eta 2 husarren eskuadroiekin batera. Urduñako mendatean 5 batailoi utzi zituen zaindari lanetan eta besteek jaitsierako bidea hartu zuten.

Baina karlisten aurreko taldea Tertangako “lehenengo benta”n zegoen, eta laster ikusi zuten nola zetozen liberalak mendatetik behera. Hau ikusita, konpainia bat eta bi eskuadroi karlista atera ziren Urduñatik: hauek mendatea hasten zen lekuan kokatu ziren eta konpainiak Tertangako etxeak eta inguruko mendiak okupatu zituen.

Baina Esparteroren tropak indartsu jaitsi ziren eta karlistak ihesean jarri zituzten Urduñarantz. Atzetik joan ziren liberalak trostan baina infanteria karlista zegoen itxoiten hiriko lehenengo etxeen artean ezkuturik, eta tiroka hasi ziren. Nahiz eta hasieran liberalak atzera egin behar, gero eraso egin zuten berriro eta eskuadroi karlistak hirira sartu ziren babesaren bila, kanpoan infanteriak borrokan jarraitzen zuen bitartean.

Azkenean, Espartero eta bere taldeak Urduñara sartu ziren, beraz armada karlista osoa ihesari ekin zion, Bilboko bidean barrena.

Baina bataila ez zen han amaitu. Hiriko beste aldetik, landa batean (El Prado inguruan, ziurrenik), borrokan jarraitu zuten, karlisten erabateko porrota gauzatu arte.

Adibidez, infanteria guztia galdu zuten: 600 gizon hildako eta gatibuak kontatuta. Horrela, martxoaren 7an Esparterok 181 preso bidali zituen Urduñatik Gasteizera.

Baina, hala ere, egun berean Espartero Berberanara itzuli zen eta, eguna bukatu baino lehen, beste batailoi karlistak ailegatu ziren Urduñara. Esparteroren garaipenak ospe handia lortu zuen bere garaian baina, egunkarietan ikus dezakegun bezala, dirudienez, Aiaraldeko egoera militarra ez zen asko aldatu bataila honen ostean. Egun gutxi barru ikusi zuten elkar beste bataila batean.







LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide