Lehen Gerra Karlistan Aiaraldean izandako bigarren bataila nagusia 1836ko martxoaren 18an izan zen. Aurreko egunean, Espartero jeneral liberalak Murgiatik Amurriorako bidea egin zuen bi dibisiorekin.
Lezaman karlisten gari-biltegi bat erre egin zuten, dirudienez Madalenako baselizan zegoen. Askotan egin zuten bezala, armada liberalak Amurrion pasa zuen gaua. Handik, Esparterok abisua eman zien urduñarrei: hurrengo egunean, hara joango zen armada liberala elikagaiak biltzeko eta eskatzen zien haien etxeetan lasai egoteko, bide batez, egun batzuk lehenago Urduñan izandako bataila ostean hiriko biztanlearekin nahiko atsegina izen zela gogorarazi zuen.
Beraz, martxoaren 18ko goizean zutabe liberal bat Amurriotik Balmasedarantz abiatu zen, eta Esparterok 9:30ean Urduñako bidea hartu zuen 6 batailoiekin. Jeneralaren asmoa, elikagaiak bildu eta gero, Untzagara igotzea zen Felipe Rivero brigadierra eta bere bost batailoiekin bat egiteko, azkenean denek batera Gasteizera joateko Koartangotik.
Dena den, abisua emanda ere, hiria hutsik aurkitu zuten liberalek. Beraz, etxez etxe joan ziren elikagaiak biltzen baina, orduan, Amurriotik ejertzito karlista zetorrela jakinarazi zioten Esparterori. 18 batailoi eta 4 eskuadroi osatutako indarra, Eguia jenerala buru zelarik.
Espartero Santa Cristina ingurura joan zen karlisten mugimenduak aztertzera eta laster erabaki zuen ejertzitoa Untzagako bidetik zabaltzea: brigada eta erdi herri honetara joan ziren, eta besteak Artomañatik gertu zegoen zelai batean geratu ziren, zalditeria oso urriarekin.
Aldi berean, Felipe Riverok Uzkianorantz jo zuen, Lekamañatik zetozen beste indar karlistei aurre egiteko. Riverok hauek menderatzea lortu zuen eta karlistek ez zuten mendizerraren gailurrera iristea lortu.
Baina bataila nagusia Artomaña eta Untzaga artean gauzatu zen. Bi herriak lotzen dituen antzinako bidean bertan izan zen bataila, ziurrenik. Ikusi dugunez, liberalak urriagoak ziren eta Artomañatik atzera egin zuten menditik gora. Orduan, Bagate eta Uzkiano artean legoa bateko defentsarako lerroa ezarri zuten, eta bi hegal eta erdi-erditik egin zuten eraso. Karlistek mendateko lehenengo magaletara atzera egin eta, azkenean, ilunabarrean erretiratu egin ziren.
Esparteroren ustez, karlistek 800 gizon galdu zituzten hildako, gatibu eta zaurituak kontatuta. Haiek bakarrik 200 zaurituak eta hildako batzuk. Hala ere, karlistek esaten zuten liberalek ere 800 gizon galdu zituztela, eta garaipentzat hartu zuten bataila. Logikoa denez, bakoitzak bere ikuspuntutik ikusi zuen egoera.