Aldamako kondea(k) eta Aldama auzoa

Erabiltzailearen aurpegia Aketza Merino 2016ko mar. 15a, 10:28

Normalean “Aldamako kondea”ri buruz hitz egiten da, singularrean, baina izatez bi Aldamako konde egon ziren.

Leon XIII. Aita Santua izan zen Aldamako Kondea tituluaren sortzailea, eta 1877ko urriaren 25ean José Gabriel Aldama Cambak erabiltzeko baimena lortu zuen.

Sanlúcar de Barramedan jaio zen José Gabriel 1850. urtean eta oso merkatari garrantzitsua izan zen: bere ardoak Espainia eta Ameriketan saltzen ziren. Upategi eta mahasti ugari zituen “Aguilar y Cia” enpresak, osaba León Aldama Respaldizarena izandakoa.

León eta José Gabrielen aita, Pedro Aldama Respaldiza, Amurrioko Aldama auzoan zegoen Olarieta baserrian jaio ziren. Anai nagusienak ziren baina, hala ere, etxea utzi eta Sanlúcarrera emigratu zuten.

José Gabriel gizon boteretsu bilakatu zen baina ez zen inoiz ezkondu, beraz XIX. mendeko bukaeran iloba bati bere bila joateko eskatu zion. Antonio Aldama Mendibil izan zen hori, Olarietan jaioa 1867an, José eta Damianaren lehenengo semea. Aitona Juan Aldama Respaldiza zen, hain zuzen José Gabriel eta Leonen anaia gaztea.

Antoniok Urduñako jesuitekin ikasi zuen eta gero Teologia egin zuen Salamancan. Baina ustekabean, zenbait pertsonen aholkua jarraituz, apaiza izateko bideari utzi zion eta Sanlúcar de Barramedara joan zen. Han osabaren negozioak hartu, Dolores Pruañorekin ezkondu, eta Aldamako Kondea titulua oinordetu zuen. Gainera Ayalako Markesa izendatua izan zen.

Aldamako bigarren kondea Espainiako merkataritik nagusienetarikoa izan zen. Politika arloan, integrista sutsua zen eta alderdi horrekin diputatua izan zen Gorteetan, Azpeitiako barrutian hautatua. Baina negozioak okertu egin ziren, gero eta espiritualagoa bilakatzen zen bitartean.

Horregatik jesuita bilakatu zen 1930an, hil baino 27 egun lehenago. Emaztea eta bost seme-alabak ere erlijiosoak izan ziren; adibidez, Jose Antonio Aldama Pruaño teologo ospetsua izan zen, Roma, Salamanca eta Granadan irakatsi zuen, eta gaur egun kanonizatu nahi dute.

Dakigunez, lehenengo kondeak ez zuen Amurriorekin harreman berezirik izan. Zein izan zen bigarren kondeak izandako erlazioa? Batzuek “kondearen etxea” edo “kondearen jauregia” esaten diote suak hondatu zuen Olarieta baserriari, eta etxe horretan ontza urre pila bat zegoela esaten zen herrian. Kondaira baino ez da.

Hasteko, kondea ez zen inoiz Olarietaren jabea izan: benetako jabea Restituto izeneko anaia izan zen, eta gero arreba batek oinordetu zuen.

Bigarrenez, Olarieta ez zen inola ere jauregia izan. Egia da mendi asko zituela eta baserri garrantzitsua zela eta Restituto Aldamak kalitatezko materialekin berreraiki zuen Olarieta bere garaian. Baina baserria baino ez zen Olarieta, eta han bizi ziren aldamatarrak nekazari arruntak ziren. Beste asko bezala.

Dena den, Antonio Aldama Kondeak ez zuen Amurriorekin harremana galdu. Mendiko auzoan zuen etxean pasatzen zituen udak eta bai udalari zein elizari zenbait doaitza egin zien, baina ez herriko beste pertsonaia boteretsuek baino gehiago.



LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide