1833ko urrian hasi zen lehenengo karlistada. Azaroan karlistek bataila batzuk galdu zituzten eta borrokalari asko etxera bueltatu ziren indultu bati esker. Egoera larrian zegoen kausa karlista Gaztela eta Euskal Herriko mendebaldean.
Baina, abenduaren hasieran, Gregorio de la Torre buruzagi karlistak 260 pertsona bildu zituen Arratian, Juan Antonio de Goiri, Lángara eta Juan Antonio de Verastegui “El Luqui” buruzagiekin batera. Egun batzuk geroago, Orozkora pasa ziren.
Bitartean, Francisco Linage koronel liberala, Aiaraldea kontrolpean zeukana, Amurrion zegoen baina bere indar militarrak nahiko eskasak ziren: bakarrik 120 karabinero eta zaldizko batzuk. Hau jakinda, La Torrek Linage ustekabean harrapatzea erabaki zuen.
Gauez abiatu ziren karlistak Orozkotik eta Amurrio eraso zuten abenduaren 17ko egunsentian. La Torre bere helburu lortzear egon zen: Linage ohearen azpian ezkutatu zen karlistak bere bila joan zirenean eta soldadu liberalak erdi-jantzirik atera ziren kalera borrokatzera. Linage karabineroekin elkartu zen herriko plazan (horrela agertzen da dokumentazioan, gure ustez eliza eta Urrutiako jauregiaren arteko gunea izango litzateke) eta, zaldizkoekin batera, Bilboko bidetik eraso egin zuten. Karlistek atzera egin zuten baina herritik oso gertu indartu ziren eta berbertatik tiro egin zieten liberalei. Beraz, Linage eta bere indarrak Amurriora itzuli ziren eta karlistak berriro Orozkora.
Gregorio de la Torre buruzagi karlista ez zen Orozkora bueltatu. Errege Bidean hilda topatu zuten. Baina inoiz ez zen jakin karlistek nahi gabe tirokatu bazuten ala Linageren zalditeriak akabatu zuen.