Aiaraldeko euskaldunak 1920an: beste iturri bat

Erabiltzailearen aurpegia Aketza Merino 2017ko aza. 20a, 14:36

Bilboko 1920. urteko erroldan ezohiko galdera bat sartu zuten: “¿sabe o no euzkera?”. Beraz, biztanle bakoitzak galderari erantzun behar zion: han bizi ziren aiaraldearrak ere bai.

M. Aizpuruk eta K. Zarragak errolda aztertu zuten Bidebarrieta aldizkariko 22. alean argitaratutako artikulu batean. Haien kontaketaren arabera, 21.578 euskaldun zeuden Bilbon 1920an, biztanleriaren %20,77 hain zuzen; haien jatorria, egoera sozioekonomikoa eta beste ezaugarri batzuk aztertu zituzten egileek. Une hartan, Aiaraldetik joandako hainbat pertsona zeuden Bilbon. Oso interesgarria izango litzateke jakitea haien artean zenbat eta nortzuk ziren –eta ez ziren- euskaldunak eskualdean euskararen desagerpenaren prozesua hobeto ulertzeko. Momentuz, artikulu horretan egileek emandako datuekin konformatu beharra dago. Arabar jatorrizko 778 euskaldunak zeuden Bilbon. Laudio izan zen euskaldun gehiago eman zuena (141) Legutio eta Gasteizen aurretik. 81 Amurrioko udaletik joandakoak ziren –Baranbio eta Lezama barne-, 16 Aiaratik, 12 Okondotik eta 7 Artziniegatik. Gainera, beste 31 euskaldunak Urduñan jaioak ziren eta, logikoa denez, orozkoar asko zeuden, 361 hain zuzen ere. Zenbaki hutsak baino ez dira hauek. Zenbaki bakoitzaren atzean dagoen pertsonaren ezaugarriak dira gehien interesatzen zaiguna: izena, adina, benetako jatorria (gerta daiteke Aiaraldean jaiotako bizkaitar edo gipuzkoarra izatea). Pertsona bakoitzaren identitatea ezagutu behar dugu bere euskalduntasuna ulertzeko: berezkoa edo ikasitakoa da? Errolda gure esku artean izan arte itxaron beharko dute galdera hauek. Ez da lan erraza izango.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide