Laudio izan zen Nerbioigoienako azken herri euskalduna, Baranbiorekin batera. Anitzak dira hau baieztatzen duten datuak. II. atalan aipatutakoaz gain, 1870ean Ramón Ortiz de Zarate politikari arabarrak Laudio euskalduna zela adierazi zuen. Ladislao Velascok emandako datuen arabera, Laudioko biztanleriaren %76,33 euskalduna zen 1867. urte inguruan. Duvoisin Kapitainak 1879an esan zuenez, Laudio euskalduna zen oraindik: Zabala, Bitorika, Areta, Isusi eta Dubiris auzoak aipatu zituen kapitain frantsesak, hain zuzen. Laudion dotrina bat euskaratu zen 1891n, herriko apaizek ordainduta, horren beharra zegoelako. Beraz, Laudioko euskalduntasuna XIX. mendean ukaezina da.
Hala ere, desagertze prozesua hasia zen orduraino eta dirudienez hamarkada horretan jaio ziren ibarreko azken euskaldun natiboak. Kontuan hartu behar dugu hizkuntza ez zela egun batetik bestera desagertu. Adibidez, 1927an, Larrabe baserrian bizi ziren Manterolatarrek aitarekin edo haien artean bakarrik egiten zuten euskaraz baina ez beste jendearekin. Lekuonak esandakoaren arabera, 1934an auzo bateko baserri batzuetan euskaraz hitz egiten zen (“Laudio’n beriz, bario edo balara bat osatzen duten baseri batzuek”); Areta auzoa ia guztiz erdaldundurik zegoen ordurako. Nahiz eta Odón Apraizen ustez Bizkaia ondoko baserrietan eta Aretan euskara mantenduko zen mendearen erdialdean, dauzkagun datuek garai horretan Bizkaitik etorritakoek eta herriko zaharrenek baino ez zekitela euskaraz esaten digute. Dena den, inork ez zuen euskaraz kalean hitz egiten Laudion, frankismoa zela eta.
Aurreneko atalean aipatutako Bilboko 1920. urteko erroldatik hartutako datuek baieztatzen dute Laudion euskarak XIX. mendeko azken bi hamarkadetan atzera egin zuela, XX. mendeko hasieran jaiotako euskaldunak urriak ziren eta. 1890etik aurrera jaiotakoen artean, erdaldunak euskaldunak baino ugariagoak ziren. 1880an baino lehen jaio zirenen artean, aldiz, euskaldunak nagusi ziren, nabarmen. Beraz, erroldako datuak bat datoz eman ditugun erreferentziekin; hau da, 1880. urtera arte indartsu egon zen euskara Laudion, atzera egiten hasi arte. 1900. urtearen ostean jaiotako euskaldunak urriak izan ziren eta, gainera, izenak eta abizenak aztertuta, ia guztiak familia berekoak zirela ikusi dugu. Urte haietan seguraski arrunta izango zen txikiei gaztelaniaz egiten entzutea, gertu zeuden zaharrenek euskaraz egiten zuten bitartean.
1920. urtean 245 laudioar zeuden Bilbon bizitzen. Hauetariko 137 euskaldunak ziren, %55,91. Baina bakarrik 1890. urtea baino lehen jaiotakoak hartzen baditugu, euskaldunen kopurua %65,38ra igotzen da. Euskararen galera-prozesuan sakontze aldera, lagungarria izan da erroldan agertzen den euskaldun bakoitzaren identitatea aztertzea. Ikusi dugunez, ohikoa izan zen familia berean kide batzuk euskaraz jakitea eta beste batzuk ez.
Esate baterako, Margarita Otegui Sagastizabal euskalduna zen baina bere neba, urte bat gazteagoa, ez; Urquijo Ibarguengoitia anai-arrebek euskara zekiten, gazteenak izan ezik. Familia askotan ikusi dugu neba-arreba zaharrenak bakarrik zirela euskaldunak; baina kontrako kasu batzuk ere topatu izan ditugu. Bat aipatzearren, Andresa Pagazaurtundua Eguia, 1894an jaioa, euskalduna zen baina bere ahizpa, 6 urte zaharragoa, ez.
Era berean, familia batzuek besteek baino geroago galdu zuten euskara, logikoa denez. Adibidez, Larrazabal Olartecoechea bi ahizpek, 1880ko hamarkadan jaioak, ez zekiten euskara; Acha Larreta lau anai-arrenek ere ez. Eta beste pertsona batzuek, aurreneko hamarkadetan jaioak, ere ez; ezin dugu ahaztu adin guztietako erdaldunak topatu ditugula erroldan.