El Heraldo Alavés egunkariko korrespontsalek Amurrioko 1902 eta 1906ko jaiak jarraitu zituzten bertatik bertara. Garai hartakoak oso ezberdinak ziren gaur egunekoekin alderatuta. Normalean, bi eguneko jaiak izaten ziren -abuztuaren 15ean eta 16an- eta hiru ekitaldi mota ziren garrantzitsuenak: mezak, dantzak eta zezenak. Korrespontsalek diotenez, jendez gainezka zegoen herria, bertokoekin batera udatiar ugari zegoelako, eta Bilbo zein Urduñatik trenez etorritako jende mordoa. Herriko egun nagusia dianekin hasten zen eta kanpai-hotsek mezara deitzen zituzten amurrioarrak. Sermoia Urduñako jesuitaren batek egiten zuen. 1902an Juan Nanclares organo joleak gidatutako orkestrak konposizio batzuk jo zituen meza ostean, eta Abundio Goñi Urcelai gazte amurrioarrak abestu zuen.
Jan ondoren, dantzaldia egiten zen, musika banda eta txistulariak txandakatuta, zezenen ordua heldu bitartean. 1906ko korrida tamalgarria izan zen, zezenak handiegiak zirelako hain trebetasun gabeko toreatzaileentzat; zaurituak izan ziren guztiak bat izan ezik. Dirudienez, 1902an ez zen korridarik egon, baina erromeria pil-pilean zegoenean suzko zezen bat askatu zuten dantzari artean. Batez ere mozkortuta zeudenek ezusteko handia hartu zuten. Dantzaldia gauerdian bukatzen zen. 1906an su artifizialak egon ziren ere. Hurrengo egunean, Done Errokeko zelaietan ganadu feria ospatzen zen; goizeko meza eta arratsaldeko dantzaldiarekin bukatzen ziren jaiak, besterik gabe. Denak nahiko kaltegabea dirudien arren, batzuetan iskanbilak sortzen ziren. 1904an, gazte batzuen arteko liskarra egon zen, laban eta guzti. Gainera, gauean, atari batean lo zegoen soriar bati kriston jipoia eman zioten, eta zeukan diru eskasa lapurtu.