Aiaraldeko euskararen historia (VI): Euskararen galera Baranbion

Erabiltzailearen aurpegia Aketza Merino 2019ko aza. 14a, 07:00

Ilustrazioa: Aimar Gutierrez Bidarte

Bonaparte Printzearen esanetan, 1857an euskaraz predikatzen ari ziren misiolariak Baranbion eta 1860an euskara bizi-bizirik zegoen herri honetan. A. Kanpionek 1884an euskara nagusi zela herrian adierazi zuen. 1970eko hamarkadan, Federico Barrenengoak azken baranbioar euskaldunak ezagutu eta elkarrizketatu zituen, XIX. mendeko azken urteetan jaiotakoak. Batez ere, Intxutaspe auzoan jaioak ziren, Baranbioko euskararen azken gotorlekua dirudien lekuan. Horietariko batek adierazi zuenez, ezkondu arte (1920an gutxi gorabehera), euskaraz mintzatzen ziren guztiak eta euskaraz egiten zen otoitz Garrastatxuko santutegian. Testigantza hauek nahiko ezagunak dira eta erraz aurki ditzakegu bibliografian.

Baina orain arte ez zaio arreta handirik jarri Manuel Lekuonak esandakoari, nahiz eta oso informazio interesgarria utzi zigun bere garaian, 1934. urtean hain zuzen. Bere hitzetan, urte horretan, Baranbion “amar bat baserri besterik ez dira euskaldun”; baina esanguratsuagoa da hurrengo urtean esandakoa, hau da, etorkinen etxeetan baino ez zela euskaraz egiten, Orozkotik, Dimatik eta Igorretik joandakoenetan. Bertokoek, “erabiltzen ez duten arren, ogeita amabost urtetik gorakoetan %95ek ba'dakite, ederki egiteko eran jakin ere. Ogeita bostetatik ogeita amabost artekoetan %50ek trakets xamar egiten dutela ezik: ez bait-dute oiturarik. Emendik bera amabost urte arte %15ek aditu bai baño itz egin ez. Gañerakoak ez itz egin, ez aditu. Berdin kalean eta base`rian”.

Ondorioz, Lekuonaren arabera, 1900. urtea baino lehen jaiotako ia guztiek zekiten euskaraz; 1900 eta 1910. artean jaiotako erdiak ulertzeko eta pixka bat hitz egiteko gai ziren. Gure ustez, lehen eskuko informazioa izan zuen Lekuonak, datu horiek guk Bilboko erroldatik hartu ditugunekin bat datozelako. 1920. urteko erroldako datuek ziurtatzen dute euskara 1890era arte nagusi izan zela eta harrezkero etorri zela hizkuntzaren beherakada. Dirudienez, nahiko bat-batekoa izan zen aldaketa Baranbion, auzo eta baserri batzuetan luzaroago iraun bazuen ere.

Bilbon, 1920. urtean, 83 baranbioar zeuden; 54 (%65,6) euskaldunak ziren. Erdaldunei dagokienez, adin guztietakoak ziren baina kasu batzuk susmagarri samarrak iruditzen zaizkigu eta zalantzan jartzen ditugu. Adibidez, ez dugu uste bikote gipuzkoar baten  semeak, 1855ean jaioak, euskararik ez jakitea oso arrunta izango zenik Baranbion. Gure ustez, posible da Bilbon urte asko eman eta gero hizkuntza ahaztu izana edo trakets aritzea eta, horregatik, ez zekiela esatea; bestalde, agian, euskarari buruzko aurreiritziekin lotuta egon zitekeen euskalduntasuna ukatzea. Gainera, bere emazte baranbioarra erdaldun bezala sailkatu zen ere.

Laudion ez bezala, aurkitutako anai-arrebak euskaldunak edo erdaldunak ziren guztiak, bi kasutan izan ezik, nahiko susmagarriak direnak gainera. Lehena, Urrutia Ilarramendi ahizpen kasua: Petra, 56 urtekoa eta  euskalduna, baina Francisca, 58 urtekoa eta erdalduna. Bigarrena, Muguruza Cendegui anai-arreben kasua: Leandrok (32 urte) bazekien baina Martinek (24) eta Damianak (41) ez. Hala ere, hauek erroldan baranbioar moduan agertu arren, Astobitzan eta Inoson jaio eta hazi ziren. Baina inguru horretaz hurrengo batean hitz egingo dugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide