Astobitza inguruko egoera linguistikoak eztabaida oparoa sortu zuen. Astobitzako elizako liburuetan 1836ko heriotza-agiri bat dago, zeinaren arabera Altubeko baserri batean hilzorian zegoen gizon batek euskaraz esan zituen azken hitzak eta, apaizak ulertzen ez zionez, itzultzaile jardun zen herriko gizon bat. Hemen dauzkagu euskaldun elebakarra (gipuzkoarra), erdaldun elebakarra (Zuiako Markinan jaioa) eta elebidun bat, Astobitzako Juan José Lezameta. Nola interpreta dezakegu egoera hau? R. Arbosak dio apaizak euskararik jakin gabe bete zezakeela bere lana; J. Iturrateren ustez, nahiz eta euskara ezaguna izan, gaztelania zen hizkuntza nagusia eta apaiza gaztelaniaz erlazionatzen zen eliztarrekin. Besteen iritziak bilduta, Ibisatek uste du eliztarrek apaizaren gaztelania ulertzen zutela, elebidunak izango zirelako.
Kontuan hartu behar da Altube, Ugazi, Urkillo eta Ziorragako baserri asko Astobitzako parrokiako eliztarrak zirela, nahiz eta Zuia eta Urkabustaizeko udaletan egon. Baserri horietan, gipuzkoarrak eta ondorengoak bizi ziren. Beraz, gizon honen kasua ezin zen bakarra izan; euskaldun elebakar asko hilko ziren Astobitzan, baina elizako agirietan ez da antzeko gertaerarik agertzen. Kasualitate hutsa?
1862an honako hau jaso zen: “Cree Epalza que en el pequeñisimo pueblo de Astobiza no se habla el bascuence, porque aun a principios de este siglo tenían un Párroco que no entendía de este idioma. Como ese pueblo está al pie del monte Altube, donde los veranos acude una multitud de carboneros, ya vizcainos, ya guipuzcoanos, algunos de estos de tarde en tarde casan alli, y acaso alguno que otro individuo de esa familia podrá usar el bascuence, pero fuera de aquí nadie”. Urte berean, Jose Larreak idatzi zuen Astobitzak 15 etxe zituela gutxi gorabehera eta horietan gaztelaniaz hitz egiten zutela euskaraz baino gehiago, baina parrokia moduan euskaldunak gehiago izango zirela, gipuzkoarren eraginagatik.
1920 urteko Bilboko erroldatik hartutako datuak bat datoz honekin, gehienbat. 14 astobitzar agertzen dira erroldan baina, elizako agiriak aztertu ostean, horietariko 6 Altubekoak zirela esan dezakegu. Astobitzako euskaldun gazteena 1880. urtean jaio zen Ziorragako auzoan, baina 60ko hamarkadan jaiotako batzuek ez zekiten euskara eta gauza bera gertatzen da Altuben, Inoson edo Ugazin sortutakoekin. Beraz, Astobitzan eta inguruan, 1850. urterako euskara atzera egiten ari zen nabarmen.
Zer gertatzen da Lezaman? Lezamako euskararen oso lekukotasun interesgarria daukagu Gure Izarra aldizkariko zenbaki bakarrean, 1888ko urrian argitaratua. Ez du askorik balio euskaraz hitz egiten zen edo ez jakiteko, baina kontua da euskaraz idatzita dagoela. Dena den, Lekuonak Lezaman baserri euskaldun “bat edo beste” zeudela idatzi zuen 1934an. Baina seguraski kanpotik etorritakoak izango ziren. Erroldako datuek erakusten dute urte horretan galdurik zegoela bertako euskara. 1920ko erroldan, Lezaman jaiotako 4 euskaldun aurkitu ditugu. Baina haien identitatea zehaztuz gero, ez dugu uste 60ko hamarkadan jaiotako bi euskaldunen euskalduntasuna bertokoa izango zenik. Bata, trenbideetako langile baten alaba zen; honen bi neba ere topatu ditugu erroldan, Urduñan jaioak, eta bakarra zen euskalduna. Lezamako beste “euskalduna” 1920an bizi zen etxean denak agertzen ziren euskaldun, morroi karrantzarrak barne, eta horrek susmagarri samarra dirudi.
Beraz, Lezama herriko bi euskaldunak 1840ko hamarkadan jaio ziren baina orduan euskara jada ez zen hizkuntza nagusia izango, erdaldun gehiago zeuden eta. Beste datu hau ere esanguratsua da: euskaldun baten neba gazteak, 2 urte geroago jaiotakoa, ez zekien euskararik. Beraz, euskararen galera-prozesua gutxienez Lehenengo Karlistadarekin batera hasi zen, agian lehenago.
Eta Larrinben? Bilboko erroldaren arabera herri honetatik joandako guztiak erdaldunak ziren, baina denak XIX. mendeko bigarren zatian jaiotakoak ziren. Pentsatzekoa da Larrinben Lezamako garai bertsuan hasiko zela euskara galtzen.