HISTORIAREN ISTORIOAK

Pandemiak Aiaraldean

Erabiltzailearen aurpegia Aketza Merino 2020ko eka. 20a, 16:25

Ilustrazioa: Aimar Gutierrez Bidarte

Pandemiak ez dira ezezagunak izan gure historian zehar. Ospetsuena XIV. mendeko izurrite beltza da, baina ez dakigu zein eragin izan zuen Euskal Herrian. Izurriteak mundua goitik behera aldatu zuen, denbora gutxian Europako biztanleriaren herena eraman zuelako. Zer gertatuko litzateke koronabirusaren ondorioz hirutik bat desagertuko balitz? Ezin imajina genezake. 

Hala ere, 1918ko gripea izan zen pandemiarik hilgarriena, mundu osora ailegatu zen eta. Hemen ere gure arbasoek gripe ezezagun hau pairatu zuten, nahiz eta oraindik ere ikertu gabe dagoen zenbat pertsona akabatu zituen. Gripe honen ostean, nahiko garai lasaia bizi izan dugu osasunaren aldetik eta pandemia baten biktimak izateko beldurra ez dugu inoiz ezagutu, orain arte. 

Baina izurrite beltza eta 1918ko gripearen artean beste izurrite eta gaixotasunak egon ziren tarteka. Hona hemen adibide bat. 1596an izurrite atlantikoa deitu zena Kantauri itsasotik sartu zen, Gaztelan sarraski handia egiteko. Orduan, Aiarako agintariek Santander, Castro, Portugalete eta beste itsasportuetara joatea eta kostaldetik etorritako bidaiariak jasotzea debekatu zuten. Garai hartako alarma egoera izan zen hura. 

Gaixotasunen aldetik ere oso mende gogorra izan zen XIX. mendea gure inguruan. Mende honetan zehar kolera lau aldiz agertu zen Iberiar penintsulan baina baztangak ere oso eragin handia izan zuen. Izurritez izurrite, gizarteak gaixotasunen hedapenari aurre nola egin ikasi zuen, eta Lezama herrian emandako hiru erantzun mota aztertuko ditugu.

Lehenengo kasua 1885ean gertatu zen. Koleraren berri izan zuten herrian eta alkateak eta apaizak Jaungoikoaren laguntza eta babesa eskatzea erabaki zuten. Seguraski oso ohikoa izan zen hori, bere eraginkortasuna zalantzan egon arren…. Dena den, mezak, prozesioak eta errogatibak antolatu zituzten. Horrela, herriko liburuetan agertzen denez, San Prudentzioko baselizara egiten ziren prozesioan santu honen irudia hartzeko eta elizara eramateko. Han bederatzi egun egongo zen irudia eta egunero, goizeko 6etan, parrokia inguruan errogatiba bat egin zen irudia eramanez, meza batekin bukatzeko. Bederatzi egunak pasa ostean, imajina baselizara bueltatuko zuten. 

1888an baztanga agertu zen herrian, abisatu gabe. Beraz, hildakoak hilerrira nola eramango zituzten izan zen kontzejuak hartutako erabaki bakarra. Lezama lau kuadrillatan bereizten zen eta kuadrilla bakoitzean bi gizon hautatu zituzten zozketa bidez. Norbait baztangaren ondorioz hiltzen bazen, bere kuadrillako bi gizonak bere etxera joan behar ziren gorpua hartzeko, baina etxekoei tokatzen zitzaien gorpua kaxan sartzea eta zerraldoa ixtea. Horrela, bi gizonek bakarrik etxetik hilerrira eramango zuten, han lurperatzeko. Han bukatzen zen haien betebeharra, txanda beste auzokoei pasatzen zitzaien eta. 

Bukatzeko, nahiko ohikoa izan zen izurrite edo kolerak eragindako hildakoak leku berezi batean lurperatzea, hilerria ez kutsatzeko. 1892an kolera areagotu zenean Lezaman, herriko medikuak hilerri berri bat egitea eskatu zion kontzejuari, hilerri zaharra baldintza txarretan zegoelakoan. Kontzejuak ezin izan zuen hain epe laburrean hilerri berri bat egin eta, horregatik, kolerarengatik hildakoak Santa Marina baselizan lurperatzea erabaki zuen, lehenagotik egina zuten bezala. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide