Azkenaldian, ezker muturra terminoa erabiltzen ari dira batzuk PSOEtik haratago dagoen espazioa izendatzeko. Nekez pentsa daiteke espazio hori ezeren muturra denik, baina ez naiz eztabaida honetan murgilduko.
Argi dago garai batean arku politikoaren erdigunetzat jotzen zena nabarmen mugitu dela eskuinera. Hau frogatzeko, nahikoa da ezker muturrekotzat jotzen zenarekin alderatzea. Egitan, egokienak dira ezker erradikal edo ezker iraultzaile terminoak, haien izaera hobekien eta beste konnotaziorik gabe islatzen dutelako.
Gaur egun dauzkagun eskubide asko ezinezkoak izango lirateke ezker iraultzaileko taldeek kaleetan, batzarretan, auzoetan, lantegietan, eskoletan edo unibertsitatean egindako borrokarik gabe.
Estatuan espazio hau frankismoaren azken urteetan sortu zen klase gatazkaren larriagotzearekin eta konfliktibitatearen igoerarekin batera, atzerriko gertaera politikoak ahaztu barik, 68ko maiatza esate baterako. Orduan, Alderdi Komunistarekin kritikoak agertzen zirenak areagotzen hasi ziren, taldeak eta alderdiak klandestinitatean sortuz, hala nola maoistak edo troskistak, baina baita ere anarkistak, libertarioak, etab. Horrek esan nahi du ezker iraultzailea PCEtik ezkerrera kokatzen zela.
1977an PCEk erreforma onartu zuen eta instituzio berrietan sartu zen. Ezker iraultzaileko alderdiek porrota itzela pairatu zuten hauteskundeetan eta, ondorioz, kaleetan eta lantegietan indarra galdu zuten eta desagertzen joan ziren. Gaur ez dago horrelako ideia iraultzaileak defendatzen dituen alderdirik.
Baina Euskal Herrian, non talde hauek oso presentzia nabarmena izan zuten, ez ziren desagertu eta mugimendu sozial berrietan jarri zituen bere indarrak gizartea eta kultura bere erroetatik aldatzeko.
Gaur egun dauzkagun eskubide asko ezinezkoak izango lirateke ezker iraultzaileko taldeek kaleetan, batzarretan, auzoetan, lantegietan, eskoletan edo unibertsitatean egindako borrokarik gabe. Ezker iraultzaileak frankismoaren kontra irmotasunez eta duintasunez borrokatu zuen, bizitza arriskuan jartzen, eta, haien proiektu politikoak aurrera egin ez zuen arren, guztion eskubideak defendatu zituen, askatasuna eta bakearekin batera. Horregatik, ezker iraultzailea edo muturra ez da inondik ere eskuin muturreko “reverso tenebroso”. Hori iraina besterik ez da.