Alea.eus jaio da, Arabako gaurkotasuna jorratuko duen euskarazko lehen ataria

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Alea 2016ko urt. 14a, 13:17

Bihartik aurrera, arabarrek lurraldeko zortzi kuadrillen inguruko gaurkotasuna euskaraz jasotzeko atari digital berria izango dute. Arabako Alea astekariak Alea.eus webgunea abian jarri du, bere lehenengo urtemugan.

Izan ere, larunbatean urte bat beteko da Gasteizko GEU elkarteak, Berria egunkaria eta Goiena Komunikazio taldearekin batera, sustatutako komunikabidearen lehenengo zenbakia argitaratu zenetik. 2015eko urtarrilaren 16tik, aldizkariak 44 ale argitaratu ditu (bihar 45. zenbakia aterako da) eta guztira, 133.700 ale banatu ditu; zehazki, astero ia mila harpidedun zuzen inguruk jasotzen dute aldizkaria eta beste 800 irakurlek Berria egunkariaren bitartez egiten dute. Hauei guztiei gaineratu behar zaizkie egutegiko data zehatzetan doako banaketa berezietan argitalpena eskuratu duten milaka irakurle. Oraingoan, lurraldeko euskarazko komunikabide bakarrak apustu multimedia egin eta atari digital berria jarri du martxan.

 

Hirinet.net-etik Alea.eus-era

 

Alea.eus-ek orain arte Hirinet.net ataria betetzen zuen lekua hartuko du. 2012. urtean GEU elkarteak Gasteizen euskarazko komunikabideen esparruan zegoen hutsunea betetzeko sortu zuen webgunea, 2009an GEU aldizkaria desagertu zenetik ez baitzegoen hirian euskarazko hedabiderik. Hilean batez beste 8.000 bisita inguru eta urtean 50.000 bisitari bakar jasotzen dituen Hirinet ataria Alea bilakatuko da hemendik aurrera. Modu honetan, Araba osoko informazioa eskainiko du webguneak eta herritarrei ahotsa emango die Komunitatea atalari esker, non erabiltzaileek euren eduki propioak elkarbanatzeko aukera izango duten. Horrekin batera, Araban egiten diren euskarazko jarduera guztiak biltzen dituen Euskararen Agenda eskainiko du atariak. Saioa Fernandez de Aranguiz Hirineteko arduradunaren esanetan (eta hemendik aurrera atal berriaren kudeatzailea), “inguruan gertatzen denaz euskaraz informatuta egon nahi duten arabarrentzat erreferentzia” bilakatzea lortu nahi du Alea.eus atariak.

 

Aldi berean, Alea egitasmo komunikatiboa osatzen duen eta borondatezko kolaboratzaileek ekoizten duten Alea FM euskara hutsezko irratsaioa emitituko da astero Radio Vitorian, asteartetan 17.00etatik 18.00etara. Guztira, 30 lagun baino gehiagok borondatez parte hartzen dute Alea proiektuan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide