Jesus Galindez omendu dute, Amurrion eskainitako erakusketa baten bitartez

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Alea 2017ko api. 27a, 15:21

Bañueta kiroldegian ikusgai da sei panelez osatutako erakusketa, igandera arte.

(Kazetaria: Juanma Gallego)

1956ko martxoaren 12an desagertu zen Jesus Galindez, New Yorkeko bere apartamendurako bidean zihoanean. Identifikatu gabeko morroiek droga lasaigarri bat eman zioten eta, furgoneta batean sartu ondoren, aerodromo txiki batera eraman zuten.

Ordudanik, haren arrastoa betiko galdu zen, baina historialariek uste dute garai horretan Dominikar Errepublikako diktadore Rafael Leonidas Trujillo izan zela euskal ordezkaria bahitzeko agindua eman zuena. Zantzu guztien arabera, Dominikar Errepublikan torturatu eta erail zuten Jesus Galindez.

Desagertu zenean, 41 urte zeuzkan Galindezek. Erbesteko Eusko Jaurlaritzako ordezkaria zen Ameriketako Estatu Batuetan.

Bere familia arabarra izan arren, Galindez Madrilen jaio zen 1915ean. Gaztarotik Eusko Alderdi Jeltzalean militatu zuen. Amurrioko seme kutuna da egun.

Espainiako Gerra Zibilak Madrilen harrapatu zuen, eta gerran zehar hiri horretan aritu zen EAJren zerbitzura. Francoren garaipenararekin batera, Frantzian erbesteratu zen eta, Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, Dominikar Errepublikara alde egin zuen. Bertako unibertsitatean lanean hasi zen, eta Lan Sailean aholkularia izan zen ere.

Inteligentzia zerbitzuak

Jose Antonio Agirre lehendakariak Dominikar Errepublikan Eusko Jaurlaritzaren ordezkari izendatu zuen. Era berean, Galindez FBIrekin lanean hasi zen orduan, Agirrek hala aginduta. Izan ere, garai horretan, Eusko Jaurlaritzak AEBetako inteligentzia zerbitzuekin buru-belarri kolaboratu zuen, estatubatuarrak euskal aldarrikapenen alde eta Francoren aurka lerrokatuko ziren esperantzarekin. Historiak erakutsi duenez, ordea, "lagun amerikarrek" Francoren aldeko hautua egin zuten.

Columbiako Unibertsitatean ere aritu zen Galindez, eta bertan Dominikar Errepublikaren eta Trujillo diktadorearen inguruko doktoretza tesia osatu zuen. Hori izan omen zen bahiketaren eta erailketaren abiapuntua, baina sei hamarkadaren ostean, eta kasuaren inguruko ikerketa ugari egin badira ere, euskal espioiaren inguruko misterioak bere horretan dirau.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide