Nerbioi ibaiaren gainean Laudio eta Amurrio lotzen dituen parke linealeko pasabidetik 20.000 lagun baino gehiago igaro dira dagoeneko, Diputazioak egindako kalkuluen arabera. Estatistikaz harago, kasu honetan zenbaketa zehatzagoa egin ahal izan dute, otsailean pasabidea erabiltzen duten lagunen kopurua zenbatzeko kontagailu bat jarri zutelako.
Zubiak 67 metroko luzera du, eta 10,5 kilometro dituen Nerbioko parke linealaren parte da. Ibilbide horrek Aiaraldeko ondarea gertutik ezagutzeko parada ematen du. Naturari dagokionean, Gorobel mendilerroa, Delikako arroila eta Maroñoko urtegia dira azpimarratzekoak. Kultur ondareari dagokionez, Kexaako monumentu multzoa, Arteko Andra Mariaren santutegia edo Artziniegako hiribildura gerturatzeko aukera ematen du.
Orain arte, foru erakundeak 163.900 euro inbertitu ditu azpiegituran. Zubia eraikitzeaz gain, bidegorriaren seinaleak eta informazio panelak berritu dituzte. Batez bestean, diputazioko teknikariek kalkulatu dute eguneko 326 lagunek erabiltzen dutela pasabidea. Logikoa denez, asteburuetan eta jaiegunetan dezente handitzen da erabiltzaileen kopurua.