517 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du foru gobernuak

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Alea 2018ko aza. 14a, 07:00

Foru gobernuaren aurrekontu proiektua aurkeztu dute Ramiro Gonzalezek eta Jose Luis Cimianok. / AFA

2019an igo egingo dira Aldundiaren inbertsioak eta proiektuak arlo guztietan.

Tokiko erakundeen finantzaketa eta Gizarte Ongizaterako Foru Erakunderako aurrekontua dira foru gobernuak aurkeztu duen aurrekontu proiektuaren onuradun nagusiak. Izan ere, 275 milioi euro zuzendu dira tokiko erakundeen artean banatzeko (%10 gehiago), eta 212 milioi eurotik gora gizarte politikak garatzeko (%4,12 gehiago). "2019an inbertsioak eta gizarte politikak sendotuko dira: hazten ari den lurraldea gara, eta non bizi gorabehera, arabar guztien beharrak ase nahi dituena" esan du Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak.

517,12 milioi euroko aurrekontua da guztira, iaz baino %7,5 gehiago. "2011. urtean bakarrik gainditu ziren kontu horiek; orduko hartan, 518 milioi euroko aurrekontu erabilgarria lortu zen, zorra baliatuz. 2019rako, berriz, aurreikusi da gastu ahalmen hori lortzea zorrera jo gabe, eta zor metatuaren zati bat amortizatuta ere bai", azaldu du Gonzalezek.

Hala, igo egin dira Aldundiaren inbertsioak eta proiektuak arlo guztietan. Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren sailaren aurrekontua %7,82 hazi da (udalerri eta kontzejuen finantzaketa); Ingurumen sailarena, %9,68; eta gora egin du ere Euskara, Kultura eta Kirol sailarenak (% 8,84). Horren barruan aurreikusten da Artiumen inbertsio gehiago egitea, artelan gehiago erostea eta euskarari laguntza handiagoa ematea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide