Txikitatik izan naiz Korrikazale. Amatxuk dauka horren errua, berak transmititu zidan 2 urtean behin, gure herri hau zeharkatzen duen erokeri eder horrekiko maitasuna.
Oraindik euskarak gure herri honetan duen garrantzia zein zen jakin gabe, musikadun furgonetaren atzetik korrika ibiltzen nintzen poz-pozik.
Goizez egin dut korrika, gauez, eguzkiarekin edota euritan, lekukoa eskutan edo eraman gabe.
Inoiz ez dut ahaztuko unitate mugikor moduan ibili nintzen urtea: sakelakoa eskuan, bizikleta gainean, Laudiotik Amurriora, gau euritsu hartan.
Azken urteetan, Aiaraldea hedabideko kolaboratzaile gisa, furgonetan joateko ohorea izan dut. Zein desberdin ikusten den gainetik, zein handi eta bizi; zelako poza, herria baturik, kilometroz kilometro. Batzuetan 4 lagun besterik ez; bestetan, milaka; baina beti, gelditu gabe. Zaharrak eta gazteak, kirol arropa edo mozorrodunak, errepidearen ezkerretik edo eskuinetik, baina denak batera, aurrera, euskararen alde.
Korrika da aldarriz betetako aldarria. Aurrean, gaztetxeroak banderekin, pixka bat erdirago, falta direnen aurpegiak; eta, atzean, borrokan dauden langileen oihuak. Bukatu da, ordea, niretzako. Furgonetatik jaitsi eta urruntzen ikusi dut. Bi urte barru arte, Korrika!