Galder Barbadok eta Aitor Zelaiak lau urteko ibilbidea egin dute jadanik 2019an atxilotu zituztenetik. Euskal Herrian erakunde armaturik ez zenean existitzen, terrorismoari lotutako akusazioak prestatu zizkieten eta beste garai batzuetan bezala, hedabideetan zabaldutako operazioaren bidez kartzelaratu zituzten.
Sei hilabeteko espetxealdiaren ostean, baldintzapeko askatasunean utzi zituzten eta geroztik euren bizitzak linbo batean egon dira. 2021ean Angela Murillo epaile ospetsuak (eta ez bere inpartzialtasunagatik) lau urteko kartzela zigorra ezarri zien eta orain arte euren helegitearen (eta fiskaltzarenaren) berri ez dugu izan, harik eta biziko dugun hauteskunde karrusela heldu den arte.
Udal eta foru hauteskundeen atarian, bat-batean, jakin izan genuen euren kasua Auzitegi Gorenaren eskuetara helduko zela. Bizitzak makilarekin erakutsi digu Amurrion kasualitatea ez duela tokirik epaitegiak eta politika erdian daudenean.
Hauteskundeen atarian jakin izan dugu Galder eta Aitorren helegitea Auzitegi Gorenera heldu dela, bi urteren ondoren. Ezin da kasualitatea izan.
Hortaz, txarto pentsatzea baino ez zaigu geratzen Galderren helegitearen kasuan. Txarto, ez dirudielako Madrilgo alderdi batek bera ere etekinik lortuko duenik hautestontzietan epaileek bere alde egiten badute. Eta txarto, bereziki, horrek emaitza kaltegarriak izango dituelako errepresioaren kolpeak behin eta berriro pairatu dituen gure herriko gaztearengan.
Nolakoa izango da hedabideen zirkua helegitearen erabakia argitaratzen denean? Batek daki. Amurrioko jaietan ateratako bi panpin sekulako kaka ekaitza baten sorburua izan baziren, auskalo. Baina argi dago Galder eta Aitor alderdi askoren ehiza edota guda trofeoa bilakatu nahiko dituztela.
Guztiek egingo dute ahalegina 'terrorismorik gabeko terrorismoa' inor baino gehiago gaitzesteko (esan bezala, ETA aspaldi desagertu zen) eta aukera sortzen bada, EAEko alderdiek ere giharra aterako dute hauteskundeetan, zentzurik gabeko iraganeko mamuen bidez egungo ekintzaileak egurtzeko (eta Ezker Abertzalea ere, nola ez, eta zein garaia da aproposagoa horretarako hauteskundeena baino).
Euskal gazteen bizitzak eta gaztaroak kalkulu politikoa baino ez dira eurentzat.
Ikuskizun penagarri horren itzalean gu geratuko gara, beste behin ere. Gonbidapenik gabe jai honetan parte hartzera derrigortu gaituztenok. Gure bizitzak eurentzat etekinak lortzeko bitartekoak baino ez direlako, euren boterean sendotzeko, inolako begirunerik gabe. Euskal gazteen bizitzak eta gaztaroak eurentzat kalkulu politikoa baino ez direlako. Kutxa batean gordetzen dute, une egokiaren zain.