EAJk adostasuna lortu izana baloratzen du; ez da erraza patronala eta sindikatuak ados jartzea, baina ez dugu ahaztu behar, lehenik eta behin, Estatuko eta Euskadiko gehiengo sindikalak ez direla inolaz ere berdinak. Lan Harremanen Euskal Esparrua defendatuko dugu beti. Edukiaren aldetik, lortutako akordioan gai positiboak daude, hala nola, behin-behinekotasuna murriztea, azpikontratazioaren babesa, ultraaktibitatea berreskuratzea edo prestakuntza duala. Gai horiek beti eskatu izan ditugu, eta egia da, halaber, beste batzuk ez direla jaso, adibidez, izapidetze-aldiko soldatak berreskuratzea, eta, gainera, eskumen urraketak eragiten dituzten neurriak planteatzen ditu.
Guk ez diogu, inondik inora, beharrezkoa den erreforma bati oztopoak jarri, baina Europak exijitzen duen akordioaren muina hauts lezakeen ezer eskatu gabe, EAJrentzat ezinbestekoa den alderdi bat jasotzea beharrezkoa da: autonomi elkarteetako lanbide arteko akordioen eta hitzarmenen prebalentzia.
Gure ikuspuntutik, legearen testuan bermatu beharko litzateke lehentasun hori, horrela autonomia erkidegoetako hitzarmenak babestuta geratuko liratekeelako, betiere langileen egoera hobetzen dutenean, estatuko hitzarmenen edukiaren mende utzi beharrean. Beharrezkoa da Euskadiko negoziazio kolektiboari segurtasun juridikoa emango dion esparru bat mugatzea eta ezartzea.
Aipatzekoa da, gainera, oso kontraesankorra dela gobernu zentralak prebalentzia hori dagoeneko bermatuta dagoela ziurtatzea, eta, aldi berean, legearen testuan sartzeak onartezina omen den aldaketa bat eragitea dakarrela esatea.
Diputatuen Kongresuan berretsi den akordioa erdietsi zuten aldeek jarrera erabat inposatzailea izan dute, eta hori ez dugu onartuko; horrek euskal gizartearen gehiengoak gure hauteskunde-programari, Euskal Agendari, babesa eman zionean eta bere interesak defendatzeko gugan konfiantza jarri zuenean jaso genuen agindua ez betetzea izango litzateke. EAJk lehentasunezko bazkide bakarra du: Euskadi.