Azken hilabeteotan, jarrera, iruzkin, zurrumurru eta ekintza arrazisten gorakada kezkagarria ikusten ari gara, inpunitate osoz sare sozialetan, lan-eremuan, hezkuntza arloko esparruetan, gure herrietako kaleetan eta baita lagunen edo bizilagunen arteko eguneroko elkarrizketetan ere.
Arrazakeria historian zehar presente egon bada ere, gaur egungo tolerantzia sozial eta politikoak eremu egokia eskaini dio arrazismoari berriro indarrez berpizteko, gorrotoa eta bazterketa normalizatzen dituzten diskurtsoek elikatuta.
Egoera oso kezkagarria da. Guztiz kontziente izan gabe, "iritzi", "gurearen defentsa" edo "adierazpen askatasun" gisa mozorrotzen den ezkutuko faxismoari leku egiten dion gizarte baten aurrean gaude. Maskara horien atzean aurreiritziak, beldurrak eta desinformazio sakona ezkutatzen dira. Uste faltsuak, estereotipoak, fake news-ak eta buloak, sare sozialek anplifikatuak, diskurtso publikoa gobernatzen ari dira eta aldi berean, beldurrez eta segurtasunik ezaz betetako kontakizun indibidualista eraikitzen ari da, komunitarioa eta herrien arteko elkartasuna ahulduz.
Pertsona migratuen etorreraren hazkundearen aurrean, gizarte hartzaile gisa, gure jarrera argia eta sendoa izan beharko luke: pertsona migratuei harrera eta integrazioa eskaintzen duen herria izatea, betiere pertsona bakoitzak duen beharren arabera. Horretarako, bai erakunde publikoek, bai komunitateak, guztion onerako lan egin beharko lukete, guztion ongizatearen alde.
Ez dugu ahaztu behar pertsona migratuek atzean uzten dutela familia, lagunak, lurra, kultura, tradizioak eta gastronomia, migrazio-ibilbide bati ekiteko, horrek dakartzan zailtasun eta oztopo guztiekin. Izan ere, bidaia neketsu hau hasten duten pertsonen motibazio nagusia aukera, duintasun eta egonkortasun gehiagoko bizitza bilatzea da, bai lanekoa, ekonomikoa, pertsonala eta emozionala.
Gizarte gisa aukera (eta betebeharra) dugu geure burua deseraikitzeko eta berreraikitzeko, lan-prozesu eta estrategia berrien bidez aberastuz, bai indibidualki bai kolektiboki ahalduntzeko eta tresna berriez hornitzeko, errealitate berriei aurre egiteko eta gaitasun handiagoz laguntzeko. Izan ere, arduradun eta aldaketarako ahalmen-emaile gara, eta nahiz eta jasaten dugun zapalkuntza etengabeak kontrakoa sinestarazi, gu gara historia markatzen dugunak. Gure ekintza txikienek ere faxismoaren olatua geldiarazi dezakete. Behin egin genuen, eta berriz egiteko gai gara.