Helduetan bat-bateko bihotz-geldialdia gertatzen denean eta gorputz arrotzek arnasbideak buxatzen dituztenean, besteak beste, ezinbestekoa da bizkor eta modu eraginkorrean jardutea, prozesua itzulgarria izan dadin eta biktimak egoera kritiko hori gainditu ahal izan dezan. Pertsona guztiek jakin beharko lukete zer egin behar den profesional sanitarioak heldu bitartean. Hori dela eta, Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuak beharrezkotzat jo du herritarrei heziketa sanitarioa emateko tailerrak antolatzea, eta Amurrioko Osasun Zentroak eta Udalak oso ondo hartu dute proposamena.
Horrenbestez, bihotz-biriketako bizkortzea lantzeko bi tailer egingo dira, otsailaren 20an eta 21ean, 19:00etan, Amurrioko Osasun Zentroan (gimnasioan); tailer bakoitzak ordu eta erdi iraungo du gutxi gorabehera, eta 18 urtetik gorako edonork parte har dezake. Gehienez 25-30 parte-hartzaile izango dira egun bakoitzean.
Tailerraren helburu nagusia da oinarrizko bihotz-biriketako bizkortzea nola egin eta gorputz arrotzek arnasbidea buxatzen dutenean zer egin ikastea. Zehazki, helburua da bihotz-biriketako geldialdiak identifikatzen jakitea, larrialdi-zerbitzua aktibatzen ikastea, bihotz-biriketako bizkortzea ikasi eta praktikatzea, DEA (desfibriladore automatikoa) erabiltzen ikastea eta arnasbideetako buxaduren maniobrak ikasi eta praktikatzea.
Aurkezpen teoriko labur bat egingo da tailerra hasteko, eta ondoren praktikak egingo dira: geldialdiak identifikatzea, 112a noiz aktibatu, konpresio torazikoak eta aireztapenak, DEAen erabilera, arnasbideen buxaduretarako teknikak... Lau profesional sanitario arituko dira tailerra ematen: Mª José Ibars, Amurrioko Osasun Zentroko Lehen Mailako Arretako medikua; Yolanda Carro, osasun-zentro horretako erizaina; eta bi BAME. Eduki hauek jorratuko dira tailerrean: sarrera (tailerraren garrantzia), teoria (helduen eta haurren PCR algoritmoa), praktikak (PCR identifikatzea, sistema aktibatzea, konpresio torazikoak eta aireztapenak, eta arnasbideen buxadura) eta, azkenik, zalantzak eta galderak.
Izen-emateak
Bihotz-biriketako bizkortzea lantzeko tailerretan parte hartzeko, otsailaren 1etik 19ra bitartean eman behar da izena, 945891161 telefonora deituta (luz.: 131), pzengotitabengoa@amurrio.eus helbidera idatzita edo Amurrioko Udaleko Kirol Sailera bertaratuta.
DESFIBRILADOREAK AMURRION Amurrioko Udalak kanpoko desfibriladore automatikoak (DEA) eskuragarri dauden lau leku ditu erregistratuak, larrialdietan erabiltzeko. KOKAPENA: - Bañueta Kiroldegia – Udal Pilotalekua – El Refor – Udaltzaingoaren patruila-autoa