Bañueta kiroldegiak, ongintzako Bikarte elkartearen “Bide Gurutzea” argazki erakusketa jasoko du bihartik otsailaren 28ra arte. Erakusketaren helburua, Bielorrusian haurrek bizi duten egoera gogorraren eta harrera beharraren inguruan biztanleak sentsibilizatzea da.
Bikartek, Iñaki Izquierdo argazkilariarekin lankidetzan, pobreziaren eta Chernobilgo istripuaren ondorengo erradiazio nuklearraren ondorioz oso egoera larrian dauden Bielorrusiako lurraldeetan 2016an ateratako 15 argazki jasotzen dituen erakusketa osatu du.
Erakusketaz gain, martxoaren 2an Kultur Etxeak, adingabe horien errealitateari buruzko bideo baten proiekzioa barne hartuko duen hitzaldia jasoko du 19:00etan.
“Ezin dugu Mundua aldatu, baina bai ume baten mundua” lelopean 20 urte lanean daramatzan elkarteak Euskadiko familia gehiago animatu nahi ditu, udan, aldi baterako, adingabeak euren etxeetan har ditzaten, ume horien osasuna eta hazkunde pertsonala hobetzeko.
Joan den udan, Errusiako eta Bielorrusiako 68 ume baliatu ziren Euskadiko familiatan harrera izateko programarekin, eta Gabonetan 44 izan dira ekimenean parte hartu dutenak.
Euskadin egiten duten egonaldiak, gorputzeko erradiazio nuklear mailak arrisku mailetatik behera jaisteko aukera ematen die. Halaber, familiaren maitasuna, elikadura egokiagoa eta hazkunde pertsonala jasotzen dute.
20 urteko ibilbidearen ondoren, Bikartek 2.500 harrera gauzatu ditu, mila familia ingururen partaidetzarekin.
Harreran interesa duten pertsonek 605 70 90 19 telefono zenbakira deituz edo bikarte@yahoo.es helbide elektronikoaren bitartez jar daitezke harremanetan; www.bikarte.org webguneak erakundeari berari eta aurrera daramatzan jarduerei buruzko informazioa ere eskaintzen du.