Amurrioko Udalak “El Crucero” gasolindegia zegoen lurreko kutsadura garbitzeko lanak egingo ditu, aldeen artean lortutako Lankidetza Hitzarmenaren ondoren. Horrela, gasolindegiaren jabe ohia betebehar eta erantzukizun orotatik salbuetsita geratuko da, 132.600 euro ordaindu eta gero. Hitzarmenari esker, aldi berean, amaiera emango zaie orain arte zabalik egon diren eta inguru hori berriro urbanizatzeko lanetan aurrera egitea ezinezko egin duten auziei eta prozedura judizialei.
Ondoren, ingurunea berriro urbanizatu ahal izateko beharrezkoak diren kutsadura kentzeko lan horien barruan eraitsi egingo dira gasolindegi zaharraren aireko elementuak eta lur azpian, une honetan garbi eta desgasifikatuta, dauden erregai depositu zaharrak atera eta modu egokian kudeatuko dira. Amaitzeko, hondeaketa lan selektiboa eta ateratako materialen kudeaketa egokia egingo da.
Amurrioko Udalak, bere aldetik, gasolindegi zaharraren ingurunea berriro urbanizatzea aurreikusten du, ibilgailuen eta oinezkoen oso trafiko handia jasaten duen inguruan beste mota bateko bidezaintza errodatu bat irekitzeko aukera emango duen biribilgunea eraikiz.
Adostutako Hitzarmenari esker, lurreko kutsadura garbitzeko lanak hirigintza arloko berrikuntza lanekin batera eta era koordinatuan egin ahal izango dira, kostu ekonomikoa eta lanak amaitzeko epeak murriztuz.