Amurrioko Udalak martxo osoan luzatuko diren jarduerekin ospatuko du emakumeen nazioarteko eguna

Erabiltzailearen aurpegia Amurrioko Udala 2018ko mar. 2a, 08:32

Egitarau oparoa prestatu du udalak. / Amurrioko Udala

Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruko jardueren artean musika kontzertuak, zine saioak, hitzaldiak eta martxoaren 8an egingo den elkarretaratzea daude. DBHko ikasleek “Emakume bertsolariak eta idazleak” mahainguruan hartuko dute parte, Onintza Enbeita bertsolari eta idazlearekin, Ane Labaka bertsolariarekin eta Izar Mendiguren dinamizatzailearekin.

Amurrioko Udaleko berdintasun sailak programazio zabala antolatu du martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, ospatzeko. “Hilabete osoan jende guztiari zuzendutako jarduera anitzak antolatu dira, urte osoan zehar jarraitzen ditugun ildo estrategikoekin bat egiten dutenak, IV. Berdintasun Planaren barruan”, azaldu du Estibaliz Sasiain Berdintasun Saileko zinegotziak.

Proposamenak larunbat honetan, martxoaren 3an, jarriko dira martxan, Amurrioko Musika Eskolak antolatutako “Emakumeak musikan” kontzertuarekin. Kontzertua arratsaldeko 20:00etan izango da Amurrio Antzokian, doako sarrerarekin. Egun berean, Burubio Kultur Elkarteak emakumeek osatutako “Yo no las conozco” eta “Las Sexpeares” taldeen kontzertua antolatu du gaueko 22:30ean.

Zinea izango da egun aipagarri horretara egokituko den beste jardueretako bat. Marxoaren 4an eta 5ean, Amurrio Antzokiak “Batalla de sexos” komedia eskainiko du. Filmak, 1973an norgehiagoka ospetsua jokatu zuten, 55 urteko Bobby Riggs tenislari profesional ohiaren eta 29 urteko Billie Jean King emakume tenislari karismatikoaren arteko lehiakortasuna kontatzen du. Emakume tenislari profesional batek gizon bat gainditu ote zezakeen jakin nahi izan zen. Ekitaldiak 50 milioi estatu batuar baino gehiago erakarri zituen, eta “Sexuen arteko gudua” izenez iragarri zen.

Martxoaren 5ean, 6an eta 7an zenbait hitzaldi emango dira SARTUko gizarteratze taldeentzat. Hitzaldietan martxoaren 8ko historia eta Amurrion aurrera eraman beharreko jarduerak landuko dira, eta udal zerbitzuei buruzko informazioa eskainiko da (Arreta psikologiko zerbitzua, Laguntza juridiko zerbitzua eta Berdintasun kontseilua). Martxoaren 5ean, hitzaldia gizonezkoei egongo da zuzenduta, goizeko 09:15etik 10:30era, Etxegoiengo pisuan. Martxoaren 6an (10.30-11.15) eta 7an (10.00-12.00), hitzaldia emakumeei zuzenduko zaie. HHEko taldeek ere izango dute hitzaldi horretara joateko aukera, martxoaren 16:30ean, Amurrioko HHEko lokaletan.

Zainketa Partekatu Legea izango da landuko den beste gaietako bat, Isabel Abella letradunaren eskutik. Amurrioko biztanleriaren artean azken aldian sortu den egonezina ikusita, Legea azalduko da eta, horrez gain, sor daitezkeen zalantzak argituko dira. Hitzaldia Kultur Etxean izango da, martxoaren 6an, arratsaldeko 18:30ean.

Martxoaren 8an, 19:00etan, elkarretaratzea egingo da Juan Urrutia plazan. Martxoaren 10ean, Kaskagorri eta Altzarrate Kirol Taldeek antolatutako Berdintasunaren aldeko ibilaldi neurtuak Laudio eta Amurrio lotuko ditu. Ibilaldia goizeko 10:00etan abiatuko da, Amurrioko Juan Urrutia plazatik eta Laudioko Herriko Plazatik. Parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea, martxoaren 2ra arte, klubetako bulegoetan edo Udaletako Berdintasun sailetan.

Martxoaren 15erako zine-foruma antolatu da, 19:00etan, Amurrio Antzokian. Saioaren gaia, emakume aktibistak eta lidergoa, emakumearen ahalduntzea eta etxebizitza eskubidea izango dira. Sarrera doakoa izango da.

Kultur Etxeak “Genero islamofobia indarkeria matxista gisa” hitzaldia jasoko du martxoaren 19an, arratsaldeko 18:30ean, Hajar Samadi Gipuzkoako Gurutze Gorriko gizarte langilearen eskutik. Samadik, emakume musulmanak aurrean dituen zenbait erronkari buruz hitz egingo du, matxismoa, islamofobia, errealitatea edo mitoak, besteak beste.

Azken jarduera, Elisa Ortega artistaren “Kontatu gabeko historia” erakusketara egingo den bisita gidatua izango da. Erakusketa, sortzaileak 2015ean egin zituen zenbait kartelen ondoren sortu zen. Zuten mailarengatik, garrantzia historikoarengatik eta autentizitatearengatik sortzailearen miresmena zuten emakumeak irudikatu zituen. Bisita martxoaren 21ean izango da, arratsaldeko 17:30ean, Basaurin. Erakusketara joateko doako autobusa jarriko da bertaratu nahi dutenen esku. Beharrezkoa izango da aurretik izena ematea berdintasun sailean martxoaren 16a baino lehen.

Ikastetxeak ere egongo dira Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruan antolatutako jardueren barruan. Aresketa Ikastolako, Zaraobe institutuko eta Virgen Niña Ikastetxeko DBHko ikasleek “Emakume bertsolariak eta idazleak” mahai inguruan hartuko dute parte martxoaren 9an. Topaketa horretan Onintza Enbeita bertsolari eta idazleak, Ane Labaka bertsolariak eta Izar Mendiguren dinamizatzaileak hartuko dute parte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide