Udalak, aurtengo Amurrioko jaiak iragarriko dituen kartelaren lehiaketa jarri du martxan. Horrez gain, umeei zuzendutako lehiaketa ere egongo da, eta irabazleak jai egitarauaren kontrazaleko irudia egingo du.
Kartel lehiaketako partaide bakoitzak, jatorrizko eta argitaratu gabeko bi lan aurkeztu ahal izango ditu gehienez. Kartelek Amurrioko armarria eta “Amurrioko jaiak 2018. Abuztuaren 12tik 17ra” testua jaso beharko dute. Nahi izanez gero, hurrengo testua ere sartu ahal izango da, gaztelaniaz eta euskaraz “Andra Mari eta Done Errokeren ohorez. En honor a Ntra. Sra. Y San Roque”.
Umeentzako lehiaketari dagokionez, partaide bakoitzak jatorrizko eta argitaratu gabeko lan bakarra aurkeztu ahal izango du. Kontrazalak Amurrioko armarria eta “Amurrioko jaiak 2018. Andra Mari eta Done Errokeren ohorez. En honor a Ntra. Sra. Y San Roque” testua eraman beharko du, euskaraz eta gaztelaniaz.
Lanak onartzeko epea apirilaren 2tik 20ra bitartekoa izango da, Amurrioko Kultur Etxean. Kartel irabazlearen eta kontrazalaren aukeraketa, diseinuan eta artean adituak diren hiru pertsonek osatutako epaimahaiak egingo du.
Sariak maiatzaren 11n banatuko dira, arratsaldeko 19:00etan Bañueta kiroldegiko atarian. Kartel irabazlearen proposamenak 800 euroko saria jasoko du. Kontrazalaren irabazleak, berriz, eskolako materialerako 60 euro jasoko ditu, eta 30 euroko bi accesit ere egongo dira, horiek ere eskolako materialerako. Guztiak ere, Amurrio antzokirako zinebonu batekin osatuko dira.
Lehiaketaren oinarriak eta lanen ezaugarriak Amurrioko udaleko webgunean kontsultatu ahal izango dira.