Amurrioko Udalak, Arrastarian nekazaritza parke bat osatzeko egin den diagnostiko azterlanaren emaitzak aurkeztuko ditu gaur. Bertan, gaur egun inguru horretan ari diren eragileen beharrak, ardurak eta ekarpenak hartu dira kontuan. Azterlanak, inguruneari ematen zaizkion erabilerak, jarraitzen diren dinamikak eta proiektuak eskaini ditzakeen aukerak ere jasotzen ditu.
Diagnostiko azterlanaren emaitzak aurkezteaz gain, Amurrioko Udala hurrengo pausoak definitzen hasiko da laneko jardunaldi batean, euskal administrazioetako ordezkariekin batera, Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Landa Garapenerako Zabaia Elkartea, Aiarako koadrila, Amurrioko eta Urduñako Udalak eta proiektuarekin erlazio zuzena duten Arrastariako Administrazio Batzarrak.
Lan saioan, Josep Montasell i Dorda, Baix Llobregat-eko nekazaritza parkearen zuzendari ohia eta Agroterritorio Fundazioaren Batzorde tekniko-zientifikoaren arduraduna ere egongo da, estatuko lehenengo nekazaritza parkearen sorreran eta kudeaketan izan duen esperientziaren berri emanez eta Euskadiko lehenengo nekazaritza parkea izan daitekeena definitzeko aholkularitza eskainiz.
Egindako azterlanean lau emaitza nagusi azpimarratu behar dira. Arrastariako Harana, nekazaritzako jarduera profesionala eta autokontsumo jarduerak batera ematen diren gunea da. Jarduera horietako gehienek hiru mailatan erabiltzen dute haraneko espazioa, haranaren behealdea, hegala eta mendia. Gune horietako bakoitza aprobetxamendu desberdin baina osagarrietarako erabiltzen duen eredu tradizionala da, ustiapenen bideragarritasuna hobetzen eta dauden baliabideak baliatzen lagunduz.
Halaber, nekazaritzarako balio altua duen gunea da, baina baita paisaiaren eta naturaren ikuspegitik ere. Inguru horretan dagoen hirigintza arloko garapen bakarra, berau osatzen duten 4 administrazio batzar bakoitzaren nukleoetan dauden etxebizitzei dagokiena da. Horrez gain, abeltzaintzako nabeak ere badaude.
Halaber, Arrastariako nekazaritza-abeltzaintza sektorearen beste ezaugarri bat espezializazio maila altua da. Ustiapenen barruan ohikoak dira irudi kolektiboak, baina tokiko lehen sektorea ez dago kolektibo gisa antolatuta.
Amaitzeko, hauteman diren arazo nagusiak biztanleriaren zahartzea eta ustiapenen bideragarritasun falta dira. Hori dela eta, belaunaldi errelebu falta sor daiteke.
Etorkizunean landu beharreko jarduketarako ildoak ustiapenen diru-sarrerak handitzea, produkzio kostuak murriztea, nekazaritzan eta abeltzaintzan lan egiten duten pertsonen zainketa eta ongizatea, eta lanbideari duintasuna ematea dira, eta baita nekazaritzako jarduerak ingurumen, paisaia eta ondare aldeko babes baldintzetara egokitzeko laguntza ere, beste batzuen artean.