Amurrioko Udaleko Gazteria Sailak Jalgi Hadi programa antolatu du beste urte batez Pazko asterako. 3 eta 12 urte arteko umeei zuzendutako aisia jarduerak programatu dira, gune ludikoa eskaintzeaz gain, zenbait balore bultzatuz: errespetua, bizikidetza, sormena, berdintasuna eta euskararen sustapena. Urte honetako programa San Anton plazan egingo da apirilaren 3tik 6ra, arratsaldez, 17:00etatik 19:00etara. Egunero antolatuko dira jardunaldiak, puzgarriak, aurpegiak margotzea edo koloreztatu beharreko marrazkiak, eta baita txikienentzako zenbait tailer ere.
Gaur emango zaio hasiera programari, artilez markoak egiteko tailerrarekin. Horrez gain, Amurriopatin taldeak irristatze tailerra eskainiko du. Asteazkenean, apirilaren 4an, apaindutako kandelekin kortxozko itsasontziak eraikitzen ikasteko tailerra egingo da, umeei zuzenduta.
Ostegunerako, apirilaren 5erako, "mugitzen ari diren begiak dituzten aurpegi irribarretsuak" sortzeko tailerra programatu da eta, azkenengo egunean -apirilaren 6an- "pailazo dibertigarrien tailerra" egingo da.