Amurriok jarraipena emango die beste urte batez San Prudentzio jaiei, egun horietako jarduera nagusiak bilduko dituen programazioarekin. Danborradak eta barraskilo-jan herrikoia izango dira Amurrioko Udalak antolatutako programazioaren ardatzak.
Ostiralean, apirilaren 27an, 15:30ean hasiko da jaia, danborren erritmora, Musika Eskolak antolatutako umeen danborradarekin, Juan Urrutia plazan. Tabarre Fanfarrearen eta Amurrioko herritarren partaidetza izango duen danborrada nagusiari dagokionez, 20:00etan hasiko da, eta Juan Urrutia plaza eta erdialdeko kaleak hartuko ditu.
Bukatzeko, 20:15etik aurrera, barraskilo-jan herrikoia egingo da Juan Urrutia plazan. Euria eginez gero, programatutako jarduerak San Anton plazan egingo dira.