Amurriok beste erakusketa bi jasoko ditu maiatzaren hasieran. La Casonan Santiago Gonzálezen eskulturak erakutsiko dira maiatzaren 2tik 15era, eta Bañueta Kiroldegiak “Maletarik pisutsuena” erakusketa jasoko du, errefuxiatuei buruz Gurutze Gorriak martxan jarri duen kontzientziazio kanpaina, maiatzaren 1etik 19ra.
Santiago González zeramika egileak ehun zeramika pieza inguru erakutsiko ditu “Sobriedades” erakusketan. Azken urteetan, teknika artisanalak erabiliz, egindako piezak erakutsiko dira. Artistak ibilbide luzea du zeramikaren alorrean, bakarka edo taldean egindako berrogeita hamar erakusketa eta hamar sari eta aintzatespen baino gehiagorekin.
Erakusketa, La Casonan bisitatu ahal izango da 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara asteartetik ostiralera, eta 10:00etatik 14:00etara larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan.
“Maletarik pisutsuena”
Maiatzaren 1etik aurrera “Maletarik pisutsuena” erakusketa helduko da Bañueta kiroldegira, errefuxiatuen gaia lantzen duen Gurutze Gorriaren kontzientziazio kanpaina. Erakusketaren helburua biztanleei sineskeriak eta aurreiritziak baztertzen eta gezurrezko esamesak murrizten laguntzen erakustea da.
Erakusketan zenbait lamina daude, eta horietan argazkiak, testu batekin. Testu horretan, zenbait herrialdetan derrigorrezko migrazioak zein egoeratan egiten diren azaltzen da.
Gurutze Gorriak mundu migratzailean bizi garela azpimarratu nahi du. Hori dela eta, zaurgarritasun egoeran dauden pertsona horiei laguntzeko sentsibilizazio eta informazio kanpaina hau aurkeztu du, izan ere, gehienek gatazka edo muturreko pobrezia egoeretatik ihes egiten dute. Lamaletaquemaspesa.com webgunean ikus daitezke maleta horien barruan dauden istorioetako batzuk.