Udalak “Euskaraz bizi nahi dut eguna” ekimena antolatu du beste urte batez, euskara bultzatzeko asmoz. Aurten, berrikuntzetako bat, ospatuko den eguna izango da, larunbatetik ostiralera aldatu baita. Jardunaldi horretarako, arratsaldean hasiko diren hainbat jarduera programatu dira.
Programazioa txikienei zuzendutako jarduerekin abiatuko da. 16:45ean umeei zuzendutako Disko txantxa ikuskizuna egongo da, eta 17:00etatik aurrera familian jolasteko jolasak antolatuko dira, euskarazko bideo-jokoak eta errugbi erakustaldia. 19:00etatik aurrera aparraren festa egingo da.
Jardunaldiaren musika ukitua Nafarroako Kanta Taldeak jarriko du 19:30etik aurrera, kalejirarekin. Edizio honetako beste berrikuntzetako bat, AEKk antolatu ohi duen bazkari herrikoia afaria bihurtuko dela da. Txartelak Kultur Etxean eta AEKn daude salgai. Festari amaiera emateko, 23:30ean, bi orduz luzatuko den disko-festa hasiko da.
“Eskatu euskaraz eta saria irabazi”
Larunbat honetan “Eskatu euskaraz eta saria irabazi” kanpaina abiatuko da Amurrion. Helburua Amurrioko saltokietan eta tabernetan euskararen erabilera sustatzea da. 29 partaide dituen ekimenak, 2.900 txarteletan banatuta egongo diren 100 sari baino gehiago emango ditu. Parte hartzea oso erraza da, txartelak, kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetan euskara erabiltzen duten bezeroen artean banatuko dira.
Txartel batzuk sari zuzenak izango dituzte, beherapenak edo opariak, besteak beste, baina saririk ez dutenek zozketa batean hartu ahal izango dute parte, Areatzako bainu-etxean egonaldia irabazi ahal izateko. Kanpaina ekainaren 7an amaituko da, eta hilabete bereko 11n egingo da zozketa.
Parte hartuko duten establezimenduak: Selene fruta-denda, Elexondo taberna, Aranoa zapata-denda, Arregi argazkilariak, Arkune taberna, Burutxaga harategia (Mendiko kalea), Burutxaga harategia (San Anton plaza), Degusta kafetegia, El Rinconcito taberna, Frontoi taberna, Kapritx moda, Luyando optika, Marta gozotegia, SAU garaikurrak, Txoko Gorri taberna, Txotis taberna, Albizabal taberna, Azules moda, Lilura moda, Gancedo moda, Goxoa okindegia, Lur belar-denda, Koba Cycling bizikletak, Josu optika, Bi Oin podologoak, Autsiki albaitariak, Basualdo kirolak, Adi inprimategia eta Amurrioko Udala.