Amurriok baditu jadanik abuztuaren 12tik 18ra egingo diren sanrokeetan arituko diren musika taldeen izenak. Oso estilo anitzetako musika emanaldiak egongo dira, entzule guztiek goza ditzaten.
Jaien hasiera alaitzeaz arduratuko den lehenengo taldea, abuztuaren 12an arituko den Kosmos Orkestra izango da. Amurrioko jaietako emanaldi nagusietakoa, astelehenean, abuztuaren 13an, joko duen Doctor Deseo Bilboko taldearen kontzertua izango da. Francis Díez buru duen taldeak La Fuerza de la Fragilidad disko berria aurkeztuko du. Garaje, bals, jazz eta rock ukituak eta letra zuzenak dituzten zortzi abesti berri jasotzen dira disko horretan.
Glaukoma euskal rap-reggae taldea abuztuaren 14an arituko da. Abuztuaren 15erako, berriz, Korrontzi taldearen folk kontzertua programatu da. Abuztuaren 16ko dantzaldia Garilak 26 taldearen eta DJ Rubaren eskutik etorriko da. Jaiei amaiera emateko, abuztuaren 17an Aiko taldearen erromeria programatu da.
Doctor Deseo eta Glaukomaren kontzertuei hasiera emateko, baina, beste talde batzuk igoko dira oholtzara. Burubio Kultur Elkarteak antolatutako Amurriock musika banda lehiaketako irabazleak izango dira telonero lanetan arituko direnak.