Kantauriko Urkidetza Ur Partzuergoak, Amurrioko Udalarekin koordinatuta, zenbait hobekuntza lan egin ditu udalerriko gune jakin batzuetan, euspeneko horma txiki bat eraikiz eta ur metaketa murriztuko duen eta euri indartsuak ematen direnean, joan den ekainean gertatu zen bezala, ur gehiago xurgatuko duen sareta motako tapa sistema instalatuz.
Joan den ekainaren 3an izandako euriteen ondorioz, gune kaltetuenak identifikatu dira, eta uraren kanalizazio egokirako eta etorkizunean egon daitezkeen ur erauntsietarako dagoeneko hartuta zeuden neurriak indartzeko aukera ematen duten jarduketak egin dira.
Larrabe goia inguruan euspeneko horma txiki bat eraiki da, urari eusteko eta desbideratzeko, inguruko etxebizitzetan ez dezan eraginik izan, euriak indartsuak diren ekaitz egoeretan, batez ere. Gune horretako hobekuntzak osatzeko, ingurunean jarduketa gehiago daude aurreikusita.
Joan den ekainean kalte gehien jasan zituzten Mendiko kalearen 32 eta 34 zenbakien parean, aurrera eramandako jarduketei dagokienez, euri asko egiten duenean ur gehiago xurgatuko duen sareta motako tapa sistema instalatu da. Kale bereko 8 zenbakiaren parean ere sistema bera instalatu da.
Hobekuntza lan horiek amaitu ondoren, Kantauriko Urkidetza Ur Partzuergoak, Amurrioko Udalarekin koordinatuta, zenbait hobekuntza jarduketa gauzatzen jarraituko du, orain arte egindakoak bezalako neurri osagarrien bidez.
“Koordinazioa behar beharrezkoa da, kasu honetan gertatu den bezala, eurien eragina gehien jasan duten lekuetan premiaz jardun ahal izateko”, adierazi dute Julen Ibarrola Kantauriko Urkidetza Ur Partzuergoko presidenteak eta Josune Irabien Amurrioko Alkateak.