Amurrioko Udalak, hirugarren urtez jarraian, Amurrio Bidean Sozietate Publikotik kudeatuta dagoen praktiketako Hazilan prestakuntza programa jarriko du martxan. Programaren helburua, goi gradutik gorako prestakuntza zikloko ikasketak dituzten gazteei prestakuntza eta lan aukerak eskaintzea da. Programaren aurkezpena irailaren 24an egingo da, 10:30etik 11:30era, ReforAmurrio Enpresaldean, eta urriaren 1ean hasiko da.
Hazilan, Europako Gizarte Funtsak %50ean finantzatutako programa da, Euskadiko 2014-2020 Programa Operatiboaren barruan, eta kalitatezko enplegua bilatu nahi duten pertsona guztiei dago zuzenduta, lehen enplegua bilatzen ari direnei eta euren lanean aldaketa egin nahi dutenei.
Partaideei euren helburuei eta potentzialtasunei buruzko gogoeta egiteko, besteengandik bereizteko, eta hori guztia jakinarazten eta indarrean jartzen ikasteko aukera ematen die.
Programan parte hartu nahi dutenek 20 eta 44 urte artean izan behar dituzte, goi gradutik gorako prestakuntza zikloko ikasketak (CFGS, gradua, diplomatura, lizentziatura, ingeniaritza, arkitektura…) eta lehentasuna izango dute Amurrion erroldatuta daudenek. Horrez gain, partaideek enplegu bilaketa egoeran egon beharko dute eta, euren partaidetza, gehienez ere asteko 20 orduko kontratu batekin bateratu.
Hazilan programa 2 fasetan osatuko da, bat prestakuntzakoa, eta bestea aplikaziokoa, praktiken edo proiektuaren garapenaren bitartez.
Prestakuntza fasean, coaching bitartez, lanpostuetan eskatzen diren trebezia sozio-profesionalak landuko dira, eta baita “marka pertsonala” sortzeko edo ezagutarazteko zenbait tresna ere. Amaitzeko, partaideari enplegua bilatzeko prozesuan laguntzeko banakako zenbait saio egongo dira.
Bigarren fasean praktikak egingo dira enpresan, gehienez ere 6 ordu egunean, edo negozio ideia baten bideragarritasun proiektuaren garapen tutorizatua, ideia martxan jartzeko. Fase horrek 4 hilabete iraungo ditu, abenduan hasiko da eta 2019ko apirilean amaitu. Horrez gain, epealdi horretan, 12 partaidek hileko 600€ eta 800€ gordin arteko beka jaso ahal izango dute. Beka horiek Amurrioko Udalari eskatuko zaizkio.
"Horrelako programek prestakuntza-lan insertzioa modu naturalean indartzeko aukera ematen digute, jardunbide errealetik lanerako trebeziak ezagutzeko eta garatzeko aukera bultzatuta. Eta, horrez gain, praktikak egiten diren enpresako parte izateko aukerak irekitzen ditu. Horregatik, programa hori ordaindutako bekekin indartzen dugu”, adierazi du Estibaliz Sasiainek, Amurrio Bidean-en ardura duen zinegotziak.
Programa urriaren 1ean hasi eta abenduaren 3an amaituko da, goizeko 09:00etatik 14:00etara. Praktiken ordutegia enpresarekin adostuko da, eta proiektua garatzeko ordutegia librea izango da, eta nahi duenak areto bat izango du Haztegian edo Enpresa Zentroan.
Informazio gehiago jasotzeko edo izena emateko, jarri harremanetan Amurrio Bidean-ekin, Haztegian eta ReforAmurrio Enpresaldea Enpresa Zentroan dauden bulegoetan edo 945891721 telefono zenbakian edo empresa@amurriobidean.org helbide elektronikoaren bitartez