Irailaren hasieratik, Bañuetako kiroldegiak igerilekuetan kloroa sortzeko sistema berri bat dauka, gatza erabiltzen duena lehengai gisa. Bestalde, uraren pH mantentzeko, CO2 erabiltzen da. Sistema berri hau abuztuan instalatu zen, kiroldegia itxita zegoelako, eta kutsadura eta arriskua murrizten ditu.
Amurrioko alkatea den Josune Irabienek azaldu zuen honakoa: “sistema berri hau ezartzea erabaki dugu; izan ere, errentagarriagoa eta eraginkorragoa izateaz gain, arriskua txikiagoa da, produktu kimikoen erabilera saihesten delako”. Sistema berriaren instalazioa hipoklorito sodikoaren (kloroa) sorkuntzan datza, elektrolisiaren bidez eta gatza erabiliz lehengai gisa. Sistema honen bidez, kloroa igerilekuan injektatzen da etengabe eta modu erregularrago batean; horregatik, ez da hain erasotzailea. Horrez gain, indarreko araudiak eskatutako pH-maila optimoak lortzeko, azido klorhidrikoa erabiltzen jarraitu beharrean, CO2 injektatzen da.
Sistema berri hau instalatzeko 27.000 euro inbertitu dira. Hilabete egon da funtzionamenduan eta bere emaitza onak ikusita, zenbait erakundek erakutsi dute sistemarekiko interesa eta Bañuetako kiroldegira hurbildu dira funtzionamendua hobeto ezagutzeko.