Amurriok prebentzioaren astea ospatuko du azaroan

Erabiltzailearen aurpegia Amurrioko Udala 2018ko urr. 18a, 07:00

Bihotz-biriketako bizkortze tailerrak egingo dituzte, besteak beste.

Azaroaren 3an suteen hautematea eta ebakuazioa, lehen laguntzak eta bide segurtasuna erakutsiko zaie haurrei. Azaroaren 7an eta 14an bihotz-biriketako bizkortze tailer bi emango dira.

Amurrioko Udalak herritar guztientzat zabalik egongo diren jarduerekin ospatuko du Prebentzioaren Astea. Horretarako, azaroaren 3an, batez ere umeei zuzendutako jarduerak programatu dira eta, ondoren, 18 urtetik gorakoei zuzendutako bihotz-biriketako bizkortze tailer bi programatu dira.
 
Azaroaren 3an, suteen hautemate goiztiarrari eta ebakuazioari, lehen laguntzei eta bide segurtasunari buruzko tailerrak eta erakusketak egingo dira San Anton plazan, 10:30etik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era. Sentsibilizazio jarduera horien helburua biztanleen artean auto-babeserako ezagutzak hedatzea da, haurren artean batez ere, prebentziorako ohiturak barneratu ditzaten.

Plazan “Prebentzioaren Parkea” izeneko puzgarria instalatuko da. Bertan, familia osoak, espazio itxi batean kea egonez gero jarduteko moduari eta ebakuazioari buruzko prestakuntza jasoko du. Puzgarri horretan, Arabako suhiltzaileek, etxean eta beste leku batzuetan, ikastetxean, adibidez, sua gertatuz gero ebakuaziorako oinarrizko arauak erakutsiko dizkiete umeei. Auto-babeserako ezagutza horiekin batera, lehen laguntzen oinarrizko ezagutzan eta larrialdi egoeran jarduteko moduan prestatuko dituzte partaideak. Ekimen horretan Amurrioko Babes Zibilaren laguntza izango dute.

Euskal Osasun Zerbitzuak, Osakidetzak, ere bat egingo du prebentzio jardunaldi horrekin, anbulantzia batekin, azalpen xumeak emateko. Udaltzaingoak Amurrioko hainbat tokitan, Bañuetako Kiroldegian eta udal igerilekuetan, besteak beste, dauden Auto-babeserako Planei buruzko informazioa emango du.

Bihotz-biriketako bizkortze tailerrak
Osasun Etxeak, Udaleko Kirol Sailarekin lankidetzan, bihotz-biriketako bizkortze tailer bi programatu ditu azaroaren 7rako eta 14rako. Ikastaroak doakoak izango dira, baina beharrezkoa izango da aurretik izena ematea.

Ikastaroek ordu eta erdi iraungo dute, 19:00etatik 20:30era, eta 18 urtetik gorakoei daude zuzenduta. Azaroaren 7ko saioa herritar guztiei egongo da zuzenduta, eta azaroaren 14koan begiraleek, entrenatzaileek eta kirol taldeetako kideek izango dute lehentasuna.

Tailer bakoitzean plazak mugatuta egongo dira eta, ondorioz beharrezkoa izango da izena ematea. Plaza urriaren 22tik 31ra erreserbatu ahal izango da varteaga@amurrio.eus helbide elektronikoaren bitartez, 945891161 telefono zenbakira deituz edo Udaleko Kirol Sailean. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide