Amurrioko udalak euskararen normalizaziorako bi proiektu bultzatuko ditu. Horietako bat kirol arloan zentratuko da, Etorkizuna futbol taldearekin lankidetzan, eta bestea enpresa munduarekin erlazionatutakoa da, herriko Iñauxa-Mubea eta Amurriofer enpresekin batera aurrera eramango den kanpainaren bitartez.
Enpresa horietako bakoitzak 200 langile inguru ditu, gehienak Amurriokoak edo eskualdekoak. Helburua, datozen hilabeteetan, 2018-2022 epealdian euskararen presentzia eta erabilera zabaltzeko ekintza konkretuak dituen euskararen normalizaziorako planaren diseinua adostea da. Prozesu horretan, enpresetako zuzendaritza taldeetako kideek eta langileek hartuko dute parte.
Etorkizuna futbol taldean, bere aldetik, 11 saio egingo dira, 6 urteko 30 umek parte hartuko duten egitasmoa martxan jartzeko. Igande honetako entrenamenduan egingo da programatutako zazpi jardunaldietako lehenengoa. Hilabetean behin egingo diren jardunaldi horietan, euskara teknikariak, begiraleekin batera, hizkuntz baliabideak eskainiko ditu, jolasen eta zenbait dinamikaren bitartez.
Etorkizuna taldeko begiraleek eta entrenatzaileek lau saio izango dituzte, eta horietan futbol arloko euskararen terminologia barneratuko dute. Prestakuntza hori hasita dago jadanik, eta bere helburua, aisiaren alorrean ere euskarak bere tokia izatea da.
“Udalaren, Euskara Sailaren, hain zuzen ere, helburu nagusietakoa euskararen erabilera sustatzea da, Euskararen Erabileraren Normalizaziorako gure barne planean eta tokiko ESEP-PAPE planean (Euskararen Sustapenerako Ekintza Plana) jasotzen den bezala. Ekintza horien guztien helburua egoera hori normalizatzea da, euskararen ezagutza eguneroko bizitzako eremuetan gehiago erabiltzera hurbilduz, enpresara eta kirolera, adibidez. Guretzat oso garrantzitsua da herriko bi enpresa eta futbol taldea horrelako kanpainetan parte hartzeko prest agertzea, enpresa eta kirol sektoreen euskalduntzea estrategikoa baita euskara bultzatzeko”, azaldu du Josune Irabien Amurrioko alkateak.
Ahize-Aek enpresa eta Udaleko Euskara Zerbitzua izango dira euskararen bi normalizazio plan horiek aurrera eramatearen arduradunak. Amurrioko Udalak 9.320 euro inbertituko ditu kanpaina horietan.