Amurrioko Udalak hasiera eman dio Bañueta Kiroldegiko zerbitzuaren esleipen prozesuari. Lizitazioa prozedura irekian egingo da, eta kontratuaren iraupena 10 urtekoa izango da, gehi beste 5eko luzapena. Kontratuaren esleipenak iraungo dituen 10 urteetan emakidadunak lortu dezakeen irabazia 281.729 eurokoa izan daitekela aurreikusten da.
Enpresek aurkeztutako eskaintzen balorazioa alderdi ekonomikoak, kudeaketakoak, mantentze-lanetakoak eta sozialak kontuan izanda egingo da.
Emakida jasoko duen enpresak zenbait inbertsio egin beharko ditu kiroldegiko hainbat gune hobetzeko, fitness aretoa, spinning aretoa edo Boulder aretoa, besteak beste. Horrez gain, inbertsioen artean padeleko pista egitea ere aurreikusten da.
Udalak, bere aldetik, 293.229 euroko lau inbertsio egitea aurreikusten du, energiaren aurrezpenarekin eta energia berriztagarriekin erlazionatutako ingurumen arloko ekintzak gauzatzeko: biomasa galdara berriak, ur beroz elikatutako klimatizagailua, isolamendu sistemaren instalazioa eta estalitako igerilekuen arazketari buruzko beste batzuk.
Eskaintzak aurkezteko epea, lizitazioa Europar Batasuneko Argitalpenen Bulegoari jakinarazi eta 30 egun naturalekoa da eta, ondorioz, azaroaren 21ean amaituko da.
Bañuetako Kiroldegiaren egungo kudeaketari dagokionez, Amurrioko Udalak 2017. eta 2018. ekitaldietako kontuen auditoretza kontratatu du, enpresak aurkeztu duen galera estimazioa egiaztatzeko xedez.