Amurrioko Udalak eta bertako INDUSTRIA AUXILIAR ALAVESA SAU (Mubea-Inauxa) eta Amufer enpresek euskararen erabileraren normalizaziorako hitzarmena sinatu dute gaur goizean. Proiektua bost hilabetez luzatuko da, eta Ahize-Aek enpresa izango da, Udaleko Euskara Zerbitzuarekin batera, proiektua aurrera eramatearen arduraduna.
"Amurrio Ferrocarril y Equipos, Amurrion tradizio industrial luzea duen enpresa da, 1880an Bilbon sortu eta 1920an Amurriora heldu zenetik. Beti sentitu gara inguratzen gaituen ingurunearen parte. Orain, ingurune honen hizkuntza bilakaeran parte hartzeko aukera planteatzen zaigu, eta borondate onenarekin egiten dugu, baina dagokion zuhurtziarekin, planaren eta egungo agertoki ekonomikoaren konplexutasuna kontuan izanda, orain arte ez bezala ezegonkorra eta zalantzaz betea. Ikuspuntu operatibotik, euskarak enpresan duen presentzia normalizatu nahiko genuke, eta hizkuntza koofizial gisa duen pisua eman. Une honetan, panel batzuk baino ez ditugu euskaraz, baina enpresako panel, kartel eta jakinarazpen guztiak euskaraz eta gaztelaniaz egotea nahiko genuke. Euskararen presentzia nabarmena izatea eta gure bisitari guztiei, enpresa, euskara eguneroko jardunean hitz egin daitekeen leku batean dagoela erakustea. Eta, pixkanaka, pausoz pauso, laneko hizkuntza bilakatzea”, azaldu du Jon de Lapatza Benito Amufer-eko zuzendariak.
Victor Gallaga de los Mozos Mubea-Inauxan-eko Giza Baliabideen zuzendadariak adierazi du “Mubea-Inauxan, Enpresa Batzordeko eta Zuzendaritzako kideek osatutako Euskara Batzordearen bitartez, Euskararen aldeko ekintzak ari dira egiten aspalditik. Dena den, esan behar da, askotan, ekintza puntualak direla, elkarren artean erlazionatu gabeak. Amurrioko Udalak orain eskaintzen digun aukerak euskararen aldeko prozesuak eta lan sistematika ezartzea erraztuko du eta, gehienak euskaldunak diren langile gazteen belaunaldi berria sartzearekin batera, inflexio puntua izango da lan ingurunean euskararen erabilera normalizatzeko”.
Amurrioko Udalari dagokionez, euskararen sustapena bere helburu nagusietakoa da, “Euskararen Erabileraren Normalizaziorako gure barne planean eta tokiko ESEP-PAPE planean (Euskararen Sustapenerako Ekintza Plana) jasotzen den bezala. Guretzat oso garrantzitsua da herriko bi enpresak horrelako kanpainetan parte hartzeko prest agertzea, sektore horren euskalduntzea estrategikoa baita euskara bultzatzeko”, azaldu du Josune Irabien Amurrioko alkateak.