Amurrioko Udala Nerbioi ibaiaren bioerremediaziorako proiektu pilotua ari da egiten, Amurrio erdialdetik igarotzean. Horretarako, ezaugarri desberdinak dituzten udalerriko lau hobi septiko aukeratu dira, tratamenduak zelan funtzionatzen duen eta udalerriko hobi septikoetan dauden arazoak hobetzeko eraginkorra den ala ez ikusteko.
Proiektu pilotua Eusko Jaurlaritzaren Berringurumena 2018 programaren barruan dago. Programa horren bitartez Berrikuntza Proiektuen ezarpena eta azalpena bultzatzen eta diruz laguntzen da. Lortzen diren emaitzen arabera, proiektua definituz joango da. Hasiera batean, gutxienez urtebeteko iraupena du aurreikusita.
Jarduketa hori, auzoetako batzarretan egindako eskarietako bati erantzuteko neurria da. Bañuetaibarren egingo da, eta helburua Nerbioi ibaian sortutako usainak murriztea da. Horrez gain, tratamenduarekin Nerbioi ibaia udalerriaren erdialdetik igarotzean ingurumenaren aldetik berreskuratzea edo hobetzea bilatzen da, ingurumen arloko kalitatea handituz eta URAk ezarritako isurketa mugak murriztuz.
Bioerremediazioa, ekintza antropikoak kaltetutako guneak ingurumenaren aldetik berreskuratzeko erabiltzen da. Prozesu horretan izaki bizidunak erabiltzen dira, oraingo honetan mikroorganismoak eta horien entzimak, kutsadurak kaltetutako ingurune naturala bere jatorrizko izaerara itzularazteko, hau da, suspentsioan dagoen materia organikoa, konposatu inorganiko disolbagarriak eta sedimentatutako solido organikoak edo lohiak murrizteko edo desagerrarazteko prozesu naturala da.
Prozesua martxan dagoen bitartean, horren jarraipena egitea funtsezkoa izango da. Analitikak egingo dira, tratamenduen bilakaera kontrolatzeko eta, beharrezkoa bada, egokitzeko.
“Oso proiektu garrantzitsua da, izan ere, Amurrioko udalerritik igarotzean Nerbioi ibaiko usainak murrizteaz gain, tratamendu horren bitartez ibaia ingurumenaren ikuspegitik berreskuratzea bilatzen baita”, azaldu zuen Juan Cruz Apodaca Amurrioko Udaleko Ingurumen zinegotziak.