La Casonak “Eraldaketa: sortzaileON afera” izeneko erakusketa jasoko du abenduaren 21era arte. Erakusketan, ikus-entzunezko lanez gain, Errementari filmeko attrezzo batzuk ere egongo dira ikusgai, Izaskun Urkijo arte zuzendariak eginikoak. Horrez gain, abenduaren 13an, Arabako emakume sortzaileak bilduko dituen jarduera antolatu da, beren lanaren berri eman eta publikoari hurbiltzeko.
Gasteizko Irantzu Lekue artistaren “Eraldaketa: sortzaileON afera” proiektuak sorkuntzaren prozesuan jartzen du fokua, emakumezko artisten sormenezko lana oinarri hartuta. Lekuek 12 emakume sortzaileri eginiko elkarrizketetan bildutako testigantza, ideia eta sentsazioetatik abiatuta, Olatz Alonso kazetariarekin eta Maider Oleaga zinemagilearekin batera, hainbat pieza jasotzen dituen pantaila anitzeko erakusketa aurkezten digu: elkarrizketen laburpenak, sortzaileen testigantzak biltzen dituen dokumental laburra eta "In zian rez / Arag rez" bideoartea, gaur egungo gizartearen eraikuntzari eta gizarte berria sortzeko beharrezkoak diren aldaketei buruzko hausnarketa jasotzen duena.
Erakusketaren oinarria hausnarketa da, eta fokua sorkuntzan bertan jartzen du, abenduaren 13an (osteguna) egingo den emanaldi baten bidez. Hitzorduak Arabako sortzaileak bilduko ditu, beren lanaren berri eman eta publikoari hurbiltzeko aukera izan dezaten. Hauek parte hartuko dute, besteak beste: Gomez de Segura, Lekue eta Murua artistak, Ane Gebara ipuin-kontalaria, Izar Mendiguren bertsolaria eta Orbanak taldea.
Udaberrian abiarazitako proiektu horrek emakumezko artisten sorkuntzan jartzen du arreta, prozesuaren bidez, Arabatik, euskaraz eta emakume sortzaileen rola indartuz. Hilabete horietan, eta Arabako Aldundiko eta Gasteizko Udaleko “Gazte sortzaileak” bekari esker, hainbat solasaldi antolatu zituzten Araban eta Gasteizen, euskaraz eginiko artearen eta kulturaren inguruko mugimendua sortzeko.
Proiektuan hauek parte hartu dute: Zuriñe Hidalgo abeslaria; Izar Mendiguren arte zuzendaria; Ane Rodriguez Armendaritz Tabakalerako zuzendaria; Zeramikako Euskal Museoko arduradun Blanka Gomez de Segura; Baratza aretoko sustatzaile eta koreografo Garazi Lopez de Armentia; Izar Mendiguren eta Paula Amilburu bertsolariak; Huntzako abeslari Josune Arakistain; Haizea Barcenilla arteko kritikari eta komisarioa; Irati Jimenez idazlea; Iosune de Goñi idazle eta argazkilaria; eta Yanela Murua dantzaria.
Irantzu Lekue (Araba, 1987) ARTgia espazioko zuzendari eta artistak arte soziala, arte kontzeptuala, artibismoa eta arte irisgarria lantzen ditu, instalazio artistikoen, bideoartearen, pinturaren eta eskulturaren bidez. Besteak beste, Santander Fundazioaren biodeotalentuen lehen saria, Canal Fundazioaren memoria fotografikoen lehen saria eta Welcome Donostia 2016 saria irabazi ditu. Horrez gain, DSS2016 Europako Kultur Hiriburutzaren “Energia olatuak” programa ixteko arduraduna izan zen, “Aztarnak” instalazio artistiko hiritarraren eskutik. Gaur egun, #Fem_RIGHTS erakusketa prestatzen ari da Montehermoson; horren bidez, UNESCO etxearekin lankidetzan, emakumeen eskubideen urraketa aztertzen ari da. Azken hilabeteetan, askotariko horma-irudi parte-hartzaileak egin ditu Ubiden, Iurretan eta Alin.