Etxegoien kalearen zaharberritze lanak eta parke linealean iturriak jartzea, Amurriokoekin ekimenaren proposamen irabazleak

Erabiltzailearen aurpegia Amurrioko Udala 2019ko urt. 22a, 07:00

Parke linealean iturriak jartzea da gehien bozkatu den proposamenetako bat.

Azken bozketan 951 pertsonak hartu dute parte, udalerrian botoa emateko eskubidea duten biztanleen %10,9ak. Udalak 430.000 euro inbertituko ditu 2019-2020 epealdian.

Amurrioko Udalak amaiera eman dio 2018ko apirilean martxan jarri zen partaidetzan oinarritutako AmurriokoEKIN aurrekontuen prozesuaren bigarren faseari. Bertan, udalerriko biztanleek, aurrekontuaren 430.000 euro nola inbertitu erabaki dute, proposamen irabazleak aukeratuz. Guztira 13 proposamen gauzatuko dira, 5.000 eurotik beherako aurrekontua duten proiektuei zuzendutako partidan jasotzen diren 10 eta  5.000 eurotik gorako aurrekontua duten hiru.

Proposamen finalisten herri bozketa prozesua abenduaren 12tik urtarrilaren 4ra luzatu zen. Epealdi horretan, 951 pertsonak, botoa eman ahal izateko baldintzak betetzen zituzten Amurrioko biztanleen %10,9ak, beraien botoa eman zuten, horretarako zeuden bideak erabiliz. AmurriokoEKIN ekimenaren lehen edizioarekin alderatuz, partaidetza ia hiru puntu altuagoa izan zen. Zenbaketan 89 boto baliogabe egon dira.

Boto gehien jaso duten proiektuak hauek izan dira:

5.000 eurotik gorako aurrekontua dutenak

  1. Etxegoien kalean konponbide integrala egitea, aparkaleku bat eginez eta kale honetako aparkatzeko bi ilaratatik bat kenduz. 300.000€
  2. 24 orduko kamerak jartzea segurtasun arazoak dituzten udalerriko puntu estrategikoetan. 30.000€
  3. 0 eta 12 urte arteko umeentzat ludoteka egokitzea, zenbait gunerekin. 38.000€

Horrez gain, laugarren lekua lortu duen proposamenari, Amurrioko bidegorri sarea hobetzeari, hasiera emango zaio, 32.000 eurorekin. Horrela, proposamen horietara zuzendutako 400.000 euroak lortuko dira.

5.000 eurotik beherako aurrekontua dutenak

  1. Parke linealean iturriak jartzea, Zabalibar kaletik gertu. 4.800€
  2. Mahai gehiago jartzea udako igerilekuetan. 3.000€
  3. Baranda bat jartzea Udaletxeko plazako farmaziako eskaileretan. 750€
  4. Liburutegirako beste hiru ordenagailu erostea. 3.500€
  5. Ispilu bat jartzea Juan Aranoako irteera hobetzeko. 600€
  6. Abiadura 30 km/h-ra murriztea Landaburu/San Joseko Amurrioko sarreran/irteeran. 4.600€
  7. Eserlekuak jartzea “Mariaren Bidean” (Cerrajeria kalea), atseden hartu ahal izateko. 3.000€
  8. Bizikletak uzteko lekua egokitzea Reforretik gertuko poligonoan (Kirtana zentroa). 2.000€
  9. Zenbait jarduerarako musika ekipoa Nagusien Etxean. 4.100€
  10. Proiektore bat Nagusien Etxerako. 800 €

Horrez gain, hamaikagarren tokian geratu den proposamenetik, Iparralde atzealdean paperontziak jartzea, proiektatutako parte bat (2.850€) egin ahal izango da, proposamen horietara zuzendutako 30.000 euroko aurrekontua osatzeko.  

“Herritarren partaidetza ezinbestekoa da horrelako prozesuetan eta, horregatik, fase guztietan beraien prestasuna erakutsi duten Amurrioko biztanleen partaidetza eskertu nahi dugu. Une honetatik aurrera, administrazio kudeaketa epealdia irekiko da, 2019-2020 epealdian gauzatuko diren emaitza horiei forma emateko”, adierazi du Txerra Molinuevo Amurrioko Udaleko alkateordeak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide