Amurrioko Udala, Amurrio Bidean erakundearen bitartez, udalerriko lan merkatuaren eta prestakuntzaren azterketan sakontzen duen azterlana ari da egiten. Azterlanaren helburua, herriko lan merkatuaren egoera ezagutzea da, biztanleen prestakuntza eta koalifikazioa hobetzera zuzendutako ekintzak sustatzeko, langile horiek lan merkatuan sartzea errazteko eta, ondorioz, herriko enpresen lehiakortasuna hobetzeko.
Ikerketak bi alderdi aztertuko ditu. Alde batetik, udalerriko lan merkatua, eta horretarako, langabezian dauden pertsonen erradiografia egingo da, soslaiak diseinatzeko asmoz. Lan merkatuaren ezaugarriak ere aztertuko dira (sektore bakoitzeko kontratatzaileak, kontratuen iraupena eta mota…), udalerriaren etorkizunera begira estrategikotzat hartzen diren jarduerak, lanpostu iraunkorrak eta kalitatezkoak sortuko dituen enpresa egitura sendoa lortzeko.
Eskualdeko prestakuntzaren mapa izango da aztertu beharreko beste alderdi handietako bat. Tokiko enpresei balioa emango dien eta horien lehiakortasuna eta garapena indartuko duen prestakuntza zein den aztertuko da, eta baita udalerriko langabetuen soslaia kontuan izanda lan munduan sartzeko aukera gehien ematen dituen prestakuntza ere.
Herriko enpresen prestakuntza beharren azterlana eta ikerketa egingo den testuingurua aztertu eta gero, udalerriko eta eskualdeko enpleguan eta prestakuntzan inplikatuta dauden eragileen artean adostutako ekintza plana egingo da, langabetuen prestakuntza enpresen egungo eta etorkizuneko beharretara egokitzeko epe laburreko eta luzeko ekintzak definitzeko.
Maiatzean amaituko den azterlana, tokiko garapenerako Amurrio Bidean sozietateko teknikariek egingo dute.